Javier Diez-Palomar-ek, Rocio Garcia-Carrión-ek, Linda Hargreaves-ek eta Maria Vieites-ek argitaratu duten ikerketak jarrera eta lorpenaren arteko erlazioan Solasaldi Literario Dialogikoek (SLD) eta Talde Interaktiboek (TI) daukaten eragin positiboa baieztatu du.
Gaur egun egiaztatuta dago motibazioa, autokontzeptua eta antzeko aspektuak erabakigarriak direla ikaskuntzarekiko jarrera positiboa izan dadin. Era berean, badakigu Rosenthal eta Jakobsonek Pigmalion efektu deiturikoari esker ikaskuntzak eta jarrerak zuzeneko erlazioa daukatela. Bestalde, Freirek esan zuen bezala, “pertsonak etengabe eraldatzen ari diren izakiak dira, ez dira egokitzapenean egonkortzen”, eta hori da, hain zuzen, hezkuntzak bilatzen duena, eraldaketa.
Zenbait kasutan ikasleen testuinguru sozialak eskolaren aurkako iritziak eta ikuspuntuak bultzatzen ditu. Testuinguru hori eraldatzen bada, aldiz, ikasleen taldeak erakargarri aurki dezake eskola, bertako arauak betetzea, emaitza akademiko onak lortzea… Hori lortu daiteke haurrak eta gazteak beren identitatea definitzen ari direlako etengabe, besteekin dituzten interakzioen bitartez eraikitzen dituzte apurka-apurka. Beraz, testuingurua benetan eraldatzen denean, ikasleen jarrerak ere aldatzen dira, eta horren adierazle da ikaskuntzaren eta emaitzen gorakada.
Ikerketaren arabera, TIek eta SLDek testuinguru hori eralda dezakete, eta espektatiba gorenetara jotzen duen testuingurua bilatu dezakete, hain zuzen ere, zenbait balore erabakigarri transmititzen dituztelako; besteak beste: adiskidetasuna, elkartasuna, laguntasuna… Adibidez, ikerketan parte hartu duten ikasleek adierazten duten bezala: “nire lagunek laguntzen nautenean, eskolara etortzea gustatzen zait”, “beste pertsona batzuen ideiak eta iritziak entzutea ona da” edota “nire lagunak laguntzean konturatu naiz gauzak hobeto ulertzen ditudala”.
TIetatik ikasleek hoberen baloratzen dituzten ezaugarriak talde-lana eta elkarren arteko laguntza dira. SLDen kasuan, aldiz, nork bere buruarekiko bereganatzen duen konfiantza da gehien estimatzen dutena.
Horretaz gain, jarduera arrakastatsu horiek badaukate beste zutabe garrantzitsu bat, beste talde-lan motekin konparatuta, eta hori helduaren parte-hartzea da. Ikerketa horretan, ikasleek oso balorazio ona egin zuten horri buruz: “Askoz gehiago ikasten dugu gurekin helduek lan egiten dutenean”. Baieztapen hori oso adierazgarria bilakatzen da Vygotskyk GHE (Garapen Hurbileko Eremua) bere momentuan planteatutako teoria hori kontutan hartuta, zeinek argi eta garbi esaten duen prozesu horrek funtziona dezan helduaren presentzia ezinbestekoa dela. Hori bai, helduaren rola ez da hezkuntza tradizionalean orain arte izan duena, hau da, ezagutza helarazi eta ikasleak hori metatzea gero irakasleak egingo dituen galderei erantzuteko. TEetan zein tertulietan daukan papera zeharo ezberdina da. Haren egitekoa jarduerak diseinatzea, antolatzea eta dinamizatzea da. Beraz, nahitaez aldaketa behar da hezitzailearen partetik, baita horietan parte hartzen duten helduen partetik ere, benetako eraldaketa gerta dadin.
Laburbilduz, zalantza barik esan dezakegu jarreraren eta lorpenaren arteko erlazioa zuzena dela. Baina gure eskoletan arrakasta lortu nahi badugu hainbat dira berrikusi eta jorratu beharreko aspektuak. Argi dagoena da ebidentzia horiek indar nahikoa daukatela maisu-maistrek beren praktikak birplanteatu ditzaten, baita gela barruan hartu beharreko erabakietan kontutan har daitezen ere.
Egilea: Jokin Linaza