Botticelliren «Venusen jaiotza» edertasunaren, egiaren eta ontasunaren batasunari buruzko artelanik onenetarikoa da. Nork egin du, egiten du eta egin dezake hezkuntza, neskek eta mutilek beren bizitzetan batasun hori askatasunez islatzeko aukera izan dezaten?
Botticellik ez zuen margolan hori pentsatu. Edertasunez bete zuen Ficinoren, Medicitarren filosofoaren, argibide zehatzei jarraituz. Hain zuzen, Medicitarrek botere feudala ekialdetik (Hadrianapolisetik) ekarritako platonismoa bultzatuz txikitzeko aukera ikusi zuten, azkenean Konstantinopla konkistatu zuten otomandarren mehatxuaren garaian. Artelan hori platonikoa da. Lanaren edertasuna, zehazki, bere egiarekin, matematikarekin lotuta dago, gainerako zientziak sortu gabe zeuden garai historiko hartan. Ez dakigu zenbateraino datorren bat Venusen gorputza Simonetta modeloarenarekin, baina badakigu urrezko proportzioa zehaztasunez betetzen duela, haien alderdien arteko harreman guztietan. Gainera, haren edertasuna eta egia guztiz lotuta daude ontasunarekin, platonismoaren arabera. Ontasunaren ikuskera zeharo desberdinarekin bada ere, Platonek baino askoz lehenago, Safok batasun hori defendatu zuen: «Ederra dena ona da, eta ona dena ederra ere izango da».
Safok duela ia hiru milurteko sortu zuen emakumeen lehenengo eskola orientabide horrekin. Unibertsala izan nahi duen hezkuntza-sistema bera ere, zeina duela berrehun urte baino gehiago sortu zen demokrazia berriekin batera, batasunaren eredu horrekin jaio zen: ikasle guztientzako espazio berberetan egia (zientziak), edertasuna (arteak) eta ontasuna (etika eta morala) irakatsiko dira. Pitagorasen teorema, poema bat ozen irakurtzea edo giza eskubideak ikasgela berean sartzen ziren, ikasle berberekin, eta, maiz, irakasle berarekin. Egiak faltsutasunari egiten zion aurre (mahaia substantiboa zen, ez izenordaina), edertasunak itsuskeriari (kantatzea ederra zen, desafinatzea itsusia), ontasunak gaiztakeriari (berdinak ondo tratatzea ona zen, txarto tratatzea txarra). Bi mendean zehar, eskolak hiru esparruetan eta haien arteko batasunean hobetuz joan ziren, baina ez zen falta izan aldaketen kontrakorik eta kontra erreakzionatu zuenik. Irakasle askok jasan zituen eraso horiek, mota bateko edo besteko diktaduren errepresaliak, adibidez.
Hezkuntza eta giza ideal horien kontrako erreakzio intelektual nagusia Mussolini eta antzeko pertsonaiek hain argi definitu zuten erlatibismotik heldu zen. Ez dago mundu osoan ona edo txarra den ezer, dena da arbitrarioa, eta boterea duena gailentzen da. Ez dago mundu osoan egiazkoa edo faltsua den ezer, dena da horri begiratzen dionaren araberakoa. Ez dago mundu osoan ederra edo itsusia den ezer, guduetako odola oso ederra izan daiteke. Logikoa ematen du esparru intelektualean ideia horien liderrak intelektual nazi nagusiak eta beren jarraitzaileak izatea. Arraroagoa suerta daiteke hainbesteko eragina hartu izana hezkuntzako eta eskoletako profesionalen artean. Nolatan irakats daiteke Lurra ez dela laua, eta egiarik edo gezurrik ez dagoela esan? Nolatan esan daiteke neska bat sexualki jazartzea debekatuta dagoela, eta ezer ez dela ona edo txarra baieztatu?
Erlatibismoaren gaitzik handiena, ostera, estetikaren esparrukoa da, nahien esparrukoa. Nerabeen artean gailentzen diren mezuei buruzko ikerketek oso eslogan esanguratsuak erakutsi dituzte; besteak beste: «ondo dagoena aspergarria da, txarto dagoena dibertigarria da», «gaizto itxura duten pertsonak gustatzen zaizkit», «abenturak kitzikagarriagoak dira beldurra badago tartean». Nerabeei zuzendutako aldizkariek ere beren azaletan jasotzen dituzte horrelako lerroburuak: «gaiztoa, mendekaria eta anbizio handikoa, … Ez dago narko, hiltzaile eta mafioso hau ikustea baino gauza erakargarriagorik». Nazioarteko zientzia-aldizkari onenetan argitaratutako ebidentzia zientifikoek argi eta garbi erakusten dute eslogan horiek ez direla hitz hutsak; aitzitik, diskurtso hertsatzailea eratzen dute, nerabeak behartzen dituena indarkeriazko harremanak, hitzezkoak zein fisikoak, izatera pertsona toxikoekin. Halaber, harreman horiei uko egiten dietenak beren berdinek jazartzen dituzte.
Oso kezkagarria da ikasleen harreman toxikoen (horiek dituzten ondorio emozional eta fisikoak barne) eta eskoletan erlatibismoa sartzearen arteko lotura ikusten ez duten profesionalak egotea. Badakigu hori nagusi dela komunikabideetan (ez bakarrik telesailetan eta telezaborrean) eta sare sozialetan, baina haurrek egian, edertasunean eta ontasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko leku onenak dira eskolak. Eskolek paper hori hartzen ez badute, kritikatzen duten horren esku uzten dituzte ikasleak. Are txarragoa da eskoletan komunikabideetako erlatibismoa nagusi denean.
Zorionez, hezkuntzan oso profesional, ikasle eta familia ausartak daude, oso argi esaten dutenak ez dituztela gogoko guduetako odola edo gaizto itxurako pertsonak, pertsona onak baizik. Ausart horiek jendaurrean adierazten dute aspergarriak ez direla tratu ona ematen dieten pertsonak, tratu txarra ematen dietenak baizik, arriskuek ez dituztela kitzikatzen, eta horiek errefusatu egiten dituztela, eta maskara gabe litroak egitea ez dela dibertigarria, hanka-sartzea baizik. Diskurtso hertsatzailearen indarraren iturria isilik geratzen direnen ezjakintasuna edo koldarkeria da; pertsona bakar batek ausardiak hitz egin eta jokatzen duenean, indar hori berehala desegiten da. Botticelliren Venusen eta bizitzaren edertasuna, egia eta ontasuna ikusten eta horietaz gozatzen dakiten pertsona ausartak hez ditzagun.
Periódico Escuela-tik itzulita.