COVIDak eragin handia izan du gure bizitzako hainbat arlo eta alderditan. Eragin horrek gure bizitzan aldaketak ekarri ditu, eta, ondorioz, gure bizimoduarekin beste modu batean jarraitzeko beharra. Aldaketa horien artean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua dago. Izan ere, on-line ikastera eta irakastera moldatu behar izan gara. 

Baina, Garapen Iraunkorraren Helburuetan oinarritzen baldin bagara, kalitatezko hezkuntza bermatzen jarraitu behar dugu. Eta, beraz, egoera berri hau gure hezkuntza hobetzeko eta haurren ongizatea bermatzeko aukera izan daiteke.

Hezkuntza hobetzeko bide horiek bilatzeko asmoz, Ruiz-Eugenio, Roca-Campos, León-Jiménez eta Ramis-Salas (2020) ikertzaileek TLDek, konfinamendu-garaian eta on-line, umeen ongizatean zer-nolako eragina izan duten aztertu dute. 

Emaitzak oso argiak izan dira. Hezkuntza-mailan, ikasleen, familien eta profesionalen iritzia ebaluatu dute, eta hobekuntza oso esanguratsua izan da; izan ere, ikasle guztiek, hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleek barne, burutu duten ikaskuntzari esanahia eman diote. Maila sozialean, enpatiak guztiok bizitzen ari ginen egoera hobeto ulertzea eta hori guztion artean partekatzea ahalbidetu du, eta kalitatezko harreman sozialak sortzeko aukera eman. Arlo emozionalari dagokionez, espazio partekatua eskaini digu, non guztiok gure sentimenduak, pentsamenduak eta ikaskuntzak partekatu genitzakeen. Era berean, eredu inklusiboa denez, pertsona bakoitzak erosoen sentitzen zen moduan adierazteko aukera zeukan; adibidez, autismoa duen ikasle batek txatean idatziz, ez ahoz bakarrik, partekatu ahal izan zituen bere sentimenduak eta gogoetak. TLDek ere eragin positiboa izan dute familiaren eta seme-alaben arteko harremanetan, TLDetako hainbat partaidek topaketa eta partekatzeko unea asteko unerik zoriontsuenak eta guragarrienak zirela baieztatu baitute.
Azkenik, oztopoak gainditzeko egoerak sustatu dituzte guztion anurako. Izan ere, egoera berria zenez, egokitze-aldia behar izan zen. Baina, hasierako zailtasun horiek izan arren (erritmoa, kameraren aurrean hitz egiteko lotsa…), oztopoak gainditu egin ziren. Are gehiago, hainbat parte-hartzailek TLDak on-line egiteko, espetxetik kanpo hedatzeko eta denboran zehar mantentzeko eskatu zuten.

Ondorioz, parte-hartzaileen ahotsak eta egindako ikerketek emandako ebidentziak kontuan hartuz, ondoriozta daiteke COVIDa eta TLDen formatu berria, Open Doors Actions proposamenarekin batera, hobetzeko aukera izan direla. Izan ere, familien inplikazioa sustatu da, haurren ongizatea ahalbidetzen duten ekintzak egin dira eta komunitatearen zentzua sortu da, non pertsona guztien parte-hartzea ahalbidetzen duten espazio inklusiboak, dialogikoak eta berdintasunezkoak bermatu diren.

Egilea: Patricia Peña