Ikasle guztien eskola-arrakasta bermatu nahi badugu, familien partaidetza oso lagungarria da. Familiek gelako jardueretan maiztasunez parte hartzen dutenean, ikasgelako interakzioak nabarmen aberasten dira. Familien hezkuntza-partaidetza da partaidetza mota guztietan eraginkorrena.

Erronka argia da, beraz: familiak ikasgelan parte hartzera erakarri behar ditugu. Hori lortzeko gakoak aztergai izan dituzte Deustuko Unibertsitateko Andrea Khalfaoui-k, Rocío García-Carrión-ek eta Lourdes Villardón-Gallegok argitaratu berri duten ikerketan.

Elkarrekiko konfiantza sortzea oinarrizkoa da. Irakasleek garbi eduki behar dute familiek eskain dezaketena biziki aberasgarria dela, familiaren ezaugarriak edozein direlarik ere. Halaber, familiek irakasleekiko konfiantza izan dezaten, konfiantza hori eraiki egin behar da. Nola lortzen da hori? Lehenik eta behin, irakasleek familiekin hitz egiteko momentuak topatu behar dituzte, ahal bezain beste eta ahal bezain maiz: goizeko lehenengo orduan, adibidez, umeak eskolara sartu aurretik, familiak bertan zain dauden bitartean, irakasleak atarira joan daitezke familiekin hitz egitera; edo, bestela, irakasleak lehenengo orduren bat edo azkeneko orduren bat eskolarik gabe badauka, libre daukaten familiekin kafe-bilkura informal bat antolatu dezake tarteka; edo, bestela, noizbehinka irakasleek familiekin eta umeekin aisialdiko ekintzak antola ditzakete, elkarrekin egoteko aukera sor dadin; edo bestelako momentuak bilatu daitezke familiekin elkarrizketa informalak izateko.

Baina hori ez da nahikoa. Familia guztiek nahi dute beren seme-alabek eskolan arrakasta izatea. Itxaropen handiak izatea posible dela erakusten dien eskolarekiko konfiantza handiagoa izango dute familiek. Itxaropen handiak guztien artean (ikasle, irakasle, familia) benetan partekatzea funtsezkoa da familien konfiantza irabazteko. Jakina, itxaropen handiak gauzatu ahal izateko ezinbestekoa da ondo funtzionatzen duten jarduerak maiztasunez antolatzea. Khalfaouiren eta kideen ikerketak antolakuntzaren garrantzia azpimarratzen du: irakasle etorri berriak iristen direnerako, irakasleak koordinatzeko, familiekiko harremanerako…

Ekimen hori bultzatzen duten irakasleek beraien artean taldea eraiki behar dute. Taldetasun horrek haien ahalmena biderkatu egingo du. Talde-izaerak erraztu egingo die emaitzak lortzea.

Irakasleok, bestalde, moral bikoitza alde batera utzi behar dugu. Gure seme-alabentzat espero dugun hori guztia benetan eskaini behar diegu gure ardurapean dauden ikasle guztiei. Batzuentzat bai eta besteentzat ez moral bikoitza da. Ikasle guztientzat aldamiaje eraginkorra eskaintzen dugunean gainditzen dugu moral bikoitza.

Hori guztia benetan posible izan dadin, ezinbestekoa da elkarrekiko harremanean berdintasuna nagusitzea. Familien kultura-ahalmena gutxiesten badugu, nekez funtzionatuko du ekimenak. Irakasleen lanak daukan potentzialtasuna gutxiesten badugu, ez du funtzionatuko. Horregatik da hain garrantzitsua konfiantza eta elkarlana sustatzea.

Familiak ikasgelan parte hartzen ikusi nahi baditugu, irakasleek familiei ohar bat bidaltzeaz gain eta familiekin egiten den bileran parte hartzeko aukera aipatzeaz gain, ikerketak seinalatzen dituen eremuak lantzeak aukera berriak sorraraz ditzake.

Egilea: Harkaitz Zubiri