Azken urteetan egin diren ikerketek nabarmen erakutsi dute garapen komunitarioko prozesuek desberdinkeriei aurre egiteko indar handia izan dezaketela. Tokiko komunitateek zein gizabanakoek garapen-prozesuetan modu aktiboan eta berdinzalean parte hartzea funtsezkoa dela erakutsi dute ikerketek. Hori horrela, garapen komunitarioko ikuspegiak asko inplementatu dira mundu osoko erronka sozialei aurre egiteko.
Literatura zientifikoak agerian utzi du garapen komunitarioko prozesuek zer-nolako eragina izan dezaketen egoera ahulak hobetzeko: diru-sarrerak hobetzea, emakumeak ahalduntzea, ingurune behartsuak eta hondamendi naturalak birgaitzea, eta komunitateak eraiki eta berreraikitzea. Haatik, kasu askotan zailtasunak sortzen dira komunitatearen helburuak lortzeko.
Beraz, zer rol jokatzen du eskolak oztopo horiei aurre egiteko garaian?
Girbes-Peco, Renta-Davids, De Botton eta Alavrez-Cifuentes ikertzaileek horixe aztertzen dute artikulu honetan: The Montserrat’s neighbourhood dream: involving Moroccan residents in a school-based community development process in urban Spain.
Zehazki, ikas-komunitatea den Mare de Déu de Montserrat eskolak prozesu komunitarioa abian jartzeko zein garatzeko garaian betetzen duen rola aztertzen dute artikuluan. Prozesu horri “Ametsa” deitzen zaio. Prozesua teknikari sozialek gidatu beharrean, komunitateko kideak dira ardatz. Beren lehentasunetatik abiatzen dira eta profesionalekin elkarrizketa irekiak garatzen dituzte. Kasu horretan Marokoko egoiliar langabetu-talde batek abiarazi zuen, Espainiako pobretutako hiri bateko auzo batean. Ikastetxearen ekarpena funtsezkoa izan zen “Ametsa” martxan jartzeko eta garatzeko. Ikastetxearen baitako dinamiketan hauspotu zen “Ametsa”.
Prozesu horren bidez, besteak beste, auzokideek lorategi komunitario autogestionatu bat sortu zuten, eta horri esker, lan-gaitasuna hobetu eta sare sozialak sortu zituzten. Beraz, esku-hartzearen bitartez, eskola horrek zenbait behar sozial asetzen lagundu zuen.
Kasu-azterketa horrek ondorio teoriko eta praktiko garrantzitsuak aurkezten dizkigu: eskolek ahalmena dute ingurune pobretuetan ekimen komunitarioak sustatzeko. Jarrai dezagun eskolatik komunitatearentzat ametsak sustatzen.
Egilea: Ane Olmedillo Berasategi