Nork esango luke pertsona baten lekukotzak beste baten bizitza hobetu ahalko lukeela?

Indarkeria eta sexismoa beti izan dira osasunerako oztopoa eta arazoa gazteentzat zein helduentzat; izan ere, sexu-indarkeriak izugarrizko kaltea eragiten die biktimei, eta horrek eragina dauka haien arrakasta akademikoan eta garapen pertsonalean. Hori dela eta, arazo horren aurrean lehen mailako arreta bermatzea ezinbesteko estrategia da sexu-indarkeria ekiditeko. Horren inguruko hainbat ikerkuntzak erakutsi duten bezala, lekukoak horrelako egoeretan esku hartzeko trebatzea estrategia ezin hobea da. Trebakuntza horren etapek honako hauek barne hartu behar dituzte:

  1. Harreman batean arazo-egoera nabaritzea.
  2. Esku-hartzea justifikatzen duen egoera larria identifikatzea.
  3. Jarduteko erantzukizuna bere gain hartzea.
  4. Nola lagundu dezakeen erabakitzea.
  5. Esku-hartzea.

Etapa horiei aurre egiteko hainbat prestakuntza antolatzen dira. Adibidez, 1. eta 2. etapetan indarkeria eragin dezaketen egoeren deskribapenak garatzen dira, hala nola alkoholaren edo arrisku handiko substantzien kontsumoa; edo indarkeria-arriskua adierazten duten portaerak, harremanetako kontrol-jokabideak, irainak edo abusuak. Bestetik, 3. etapa jarrerak, ezagutzak, sinesmenak eta arauak kudeatzera bideratuta dago, lekukoen apatia edo ekintzaren oztopoak saihesteko. Azkenik, 4. eta 5. etapek lekukoak zer egin behar dute jakitea dute helburu, hau da, haien ekintzak bideratzea, ekintza beste batzuei eskuordetzea eta indarkeria sustatzen duten pertsonak adigabetzea.

Lekukoen programak, Green Dot, adibidez, unibertsitate eta bigarren hezkuntzako ikastetxe batzuetan ezarri ziren, eta lekukoen prestakuntza horren ondorioz, sexu-indarkeriaren aurreko jarreren eta sinesmenen aldaketa nabaritu zen. Izan ere, ikerketa batzuek erakutsi dute lekukoen programak eraginkorrak direla, eta indarkeria onartzearen eta arriskuaren jarrerak, gutxienez epe laburrerako, murriztu egin dituela. 

Green Dot programaren epe luzerako eraginkortasuna neurtzeko, Life’s Snapshot programa diseinatu zen. Helburua Green Dot-en lekukoen prestakuntzak parte-hartzaileen artean izandako eragina ebaluatzea eta aztertzea zen, ausazko analisiaren bidez, eta parte-hartzaile bakoitzak entregatutako autobaluazioaren bidez.

Emaitzek erakutsi zuten programan parte hartu zutenek indarkeria-jarreren eta indarkeriaren onarpen-balioak murriztu zituztela, programan parte hartu ez zutenekin alderatuta. Dena den, jarrera horiek epe luzeagoan mantentzeko, baliteke errefortzuak behar izatea, bai ikastetxeetan edo unibertsitateetan, bai komunikabideen bidezko kanpainetan.

Hortaz, indarkeria- eta sexismo-egoeretan lekukoen interbentzioa esanguratsua eta premiazkoa da, jarrera horiekin amaitzeko. Era berean, lekukoak prestatzeko programa horiek lagungarriak eta ezinbestekoak dira, jarrera horiek identifikatzeko eta murrizteko, indarkeria onartzea saihesteko eta heldutasunean adierazi daitekeen indarkeria-tasa murrizteko.

Egilea: Ainhoa Bilbao