COVID-19ak ekarri dituen ondorioak anitzak dira. Munduko gizarte eta pertsona guztiak hainbat aldaketara egokitu behar izan gara. Toquerok (2020), egindako ikerketan, Filipinetako Gobernuaren hezkuntza bereziaren egoera erakutsi du, eta, gaurko pandemiaren egoera kontuan izanda, hainbat proposamen mahaigaineratu ditu.  

Australiako Gobernuaren eta UNICEFen (2018) datuak kontuan hartzen baldin baditugu, Filipinetan 5,1 milioi umek desgaitasunen bat daukate. Esan beharra dago ume horien artean bakarrik kontuan hartzen direla epe luzeko desgaitasun fisikoak, intelektualak, mentalak edo sentsorialak dituzten pertsonak. Halaber, COVID-19aren egoera kontuan izanda, hezkuntza zein osasun publikoko sistemak ez dira eskuragarriak herrialdeko pertsona guztientzat. Hori dela eta, Toquerok, egoera hobetzeko xedearekin, hurrengo gomendio edo jarraibideak aipatu ditu. 

Alde batetik, desgaitasunak edo hezkuntza-premia bereziak dauzkaten pertsonekin esku hartzeko bi baliabide gomendatu ditu. Lehenengo baliabidea IKTen erabileran datza. Horretarako, familiek zein profesionalek zer-nolako tresnak dauden eta nola erabiltzen diren jakin behar dute, hala nola: testu-prozesadoreak, ortografia zuzentzeko programak, ahotsaren ezagutza-tresnak, etab. Bigarren baliabidea guztiok eskuragarri dauzkagun sare sozialen erabileran datza; izan ere, beraien ahotsen garrantzia jakinarazteko eta guztion artean dagokien balioa ziurtatzeko tresna erabilgarriak izan daitezke.  

Beste aldetik, gomendio batzuk aipatu ditu pandemia-egoeretan hezkuntza berezian erabili ahal izateko. Horien artean, proposamen hauek daude: gobernuek larrialdi-egoeretan gizarte-eragileen ekarpenak kontuan izanda planak sortzea, hezkuntza E-inklusio sisteman oinarritzea, buruko osasuneko premiei arreta online emateko sistemak izatea eta, amaitzeko, teknologia digitalaren erabilerari buruzko ikerketan ahaleginak sendotzea guztion ikuspuntuak kontuan izanda. 

Amaitzeko, aintzat hartu behar dugu, OMEk eta Calouste Gulbkian Fundazioak (2015) dioten moduan, gobernuek pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko betebeharra daukatela. Hori dela eta, har dezagun COVID-19aren egoera aukera moduan gaurko egoera hobetzeko eta inklusioa zein giza eskubideak gizarte guztietan bermatzeko.

Egilea: Patricia Peña