Irakasleen prestakuntzara zuzenduta dauden ekimenek ziurtatu behar dute etorkizuneko hezkuntza-profesionalek euren esperimentazio-eremuei lotutako azken garapen teoriko eta praktikoen ezagutza sakona lortzen dutela, betiere oinarri egokiko esperientziekin batera. Hori dela eta, berebiziko garrantzia du irakasleek ikasleei aukera onenak ematen dizkieten ebidentzia zientifikoen berri izateak.
Azken garapen teoriko eta praktikoen ezagutzaz hitz egiten badugu, ezinbestean, ebidentzia zientifikoek babestu eta indartzen dituzten hezkuntza-jarduera arrakastatsuak aipatu behar ditugu, eta, ondorioz, ikas komunitateak.
Ikas komunitateen proiektua garatzerako orduan berebiziko garrantzia eman zaio irakasleen prestakuntzari. Izan ere, proiektua aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa da irakasle-talde guztiaren konpromisoa. Ikas komunitateen kasua bereziki interesgarria da, hain zuzen ere, ingurune pobre zein zaurgarrietan lortu dituzten emaitza nabarmenengatik, horiek eskola-eremu arrakastatsuak bihurtu baitituzte, ez soilik eskola-barrutian, baita eskualde- eta nazio-mailan ere.
Aipatutakoa aintzat hartuta, Garcia-Carrion, Padrós, Alvarez eta Flecha (2020) emakume ikertzaileek “Teacher Induction in Schools as Learning Communities: Successful Pathways to Teachers’ Professional Development in a Diverse School Serving Students Living in Poverty” deitzen den artikulua argitaratu berri dute. Artikulu horren xede nagusia da azaltzea irakasleak nola prestatzen diren ikaskuntza-komunitateek jarraitutako printzipioen arabera, ikasle kalteberen irakaskuntza-emaitza arrakastatsuak lortzeko, zehatz mehatz, pobrezia-egoerei aurre egiteko. Lau emakume ikertzaile horiek aztergai dute nola laguntzen dien ikas komunitatearen ereduak irakasle iritsi berriei eraginkortasunez trebatzen, ikasle guztiek salbuespenik gabe arrakasta izan dezaten beren ibilbide akademikoan.
Emaitzek bi faktore azpimarratzen dituzte:
- Ikuspegi dialogikoa ikastetxean praktikan jartzen denean, irakasleen prestakuntzarako ere oso onuragarria da.
- Familiek, irakasleek eta komunitateak eskolan parte hartzea. Horretarako, behar-beharrezkoa da ikasle, irakasle, familia eta komunitatearen arteko komunikazioa. Gainera, horrek mundu guztiari egiten dio mesede.
Ikas komunitatean parte hartzen duten eta eskolako misioarekin bat egiten duten irakasleak aldi berean eraldatze eta eragile bihurtzen dira, eta horrek ahalbidetzen du ikas komunitateen proiektuak bizirik jarraitzea.
Egilea: Ane Olmedillo