Safe to Learn-ek, End Violence Against Children haurtzaroko indarkeriaren aurkako itunaren partaide denak, haur guztiek eskolan seguru eta babestuta egoteko eskubidea dutela aldarrikatu eta ekintzarako deia egin du. Izan ere, eskolek eraldaketa soziala sustatzeko gaitasuna dute, arau sozial positiboak eta hezkidetza bultzatuz. Indarkeriarik gabe, haurrek ikasi, hazi, gaitasun sozialak garatu eta euren bizitza aurrera eramateko konfiantza eskuratzeko parada izango dute. Tamalez, mundu-mailan haur askok eskola-indarkeria eta beldur-gune gisa bizi dute.
Gaur egun, eskola-indarkeria mundu-mailan eskola askok jasaten duten arazoa da, zeinak forma asko hartzen dituen: jazarpen fisiko edo ahozkotik, bai noizean behin bai abusu moduan, zeharkagoko moduetara, hala nola estigmen erabilera edota bazterketa soziala. Hainbat ikerketaren arabera, eskolako bortizkeriak haurrek, batez ere neskatoek eta talde zaurgarrikoek, eskola uztea eragiten du. Hala, eskola-indarkeriaren biktima izateak etorkizun profesionalean eragiteaz gain, osasun fisiko eta psikologikoan eragin dezake, eta ondorioek heldutan iraun dezakete.
Safe to Learnek gobernu eta sozietate zibileko elkarte, komunitate, irakasle eta haurrekin lan egiten du haurrak, batez ere kalteberagoak direnak, inguru seguruan egon daitezen. Horren harira, ekintzara deitu dute; orain arte, 15 herrialdek hartu dute parte deialdian, eta proposamena haurtzaroa babestuko duen legedia ezartzea izan da, bai eskoletan bai online. Horretarako, 5 ildo nagusi bereizten dira.
Lehenik eta behin, gobernuak prebentziorako eta indarkeriari erantzuteko sistemak, gaitasunak eta trebetasunak hobetzeko politikak ezartzera bultzatzen ditu. Bigarrenik, ekimenak prebentzio eta erantzun gisa proposatzen dituzten ekintzak komunitate-ikuspegian oinarrituta daude.
Bestetik, hezkuntza-komunitate osoak haurrentzat inguru seguru eta hezkideak eraikitzeko konpromisoa hartu beharko luke, baita diziplina positiboa erabili, ikaslea erdigunean jarri eta haurren ongizate fisiko eta mentala hobetu ere.
Laugarrenik, Safe to Learn-ek eraldaketa sozialean indarra jartzea eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea funtsezkotzat jotzen du. Bukatzeko, indarkeriaren aurkako ebidentziak sortzea eta gaiaren inguruko ikerketek eskainitako ebidentzia zientifikoan oinarritutako erabakiak hartzea ezinbestekoa dela dio.
Egilea: Laura Álvarez