Interakzio soziala tresna eraginkorra da. Ebidentziaren arabera, interakzio sozial gutxi duten pertsonek gaixotasun mental gehiago izaten dituzte. Horrez gain, hezkuntza efektiboagoa da taldean egiten denean, interdependentea denean.

Oscar Ybarra eta kideek bi ikerketa egin zituzten hori frogatzeko. Zenbait adinetako pertsonak bildu zituzten, eta hainbat ariketa egin zituzten. Ikerketen bidez, interakzio sozialak ahalmen kognitiboa hobetzen duela frogatzeaz gain, hiru puntu gehiago frogatu nahi zituzten: interakzioak arazo mentalik ez daukaten pertsonengan ere onurak eragiten dituela, interakzio kopurua, oso handia ez izan arren, eraginkorra izan daitekeela eta edozein adinetako pertsonengan interakzioen eragina positiboa dela, baita gazte eta osasuntsuengan ere.

Lortu zituzten emaitzek beste ebidentzia zientifiko batzuek aurretik egindako baieztapenak berretsi zituzten. Lehenengo ikerketan, adin guztietako pertsonek hartu zuten parte, eta bakoitzari zer-nolako bizimodua zeukan galdetu zitzaion; batez ere, jarduera sozialean eta osasun-alderdietan zentratu ziren. Horrez gain, azterketa kognitibo bat egin zitzaien. 

Ikerketa horren emaitzak argiak izan ziren: zenbat eta interakzio gehiago izan lagun eta senideekin, orduan eta hobeak izan ziren azterketa kognitiboaren emaitzak, eta emaitza berdina izan zen adin-talde guztietan, baita gazteengan ere.

Beste ikerketan, parte-hartzaileak gazteak ziren (18 eta 21 urte bitartekoak). Azterketa kognitibo bat egin zieten, eta horren aurretik, batzuek interakzio soziala izan zuten, debate moduan, 10 minutuz, beste batzuek adimen-ariketa klasikoak egin zituzten (irakurketa-ulermena, gurutzegramak etab.), 10 minutuz ere bai, eta azkenekoek 10 minutuko bideo bat ikusi zuten, interakzio sozialak erakusten zituena. 

Azterketa kognitiboan, debatea egin zutenek eta adimen-ariketak egin zituztenek emaitza berdinak lortu zituzten. Interakzio sozial motz batek ahalmen kognitiboa piztu zuen, adimen-ariketa klasikoek adina. Interakzioek gauzak hainbat perspektibatatik ikusteko, argudioak prestatzeko eta inferentziak sortzeko ahalmena ematen dute. 

Tradizionalki, adimena garatzen duten ariketa bakarrak “teknikoak” direla uste izan da: irakurtzea, kultura bat buruz ikastea, ariketa matematikoak egitea eta abar. Gaur egungo ikerketen bidez, harreman sozialak edukitzeak pertsonen adimen-gaitasuna hobe dezakeela frogatu da. Helburua ez da interakzioak beste ariketen lekua hartzea, baizik eta interakzioaren bidez gure funtzionamendu kognitiboa hobetu daitekeela jakitea, eta aldi berean gure bizitzako alderdi soziala atsegingarriagoa bihurtzea.

Egilea: Beatriz Azurmendi