Nazio Batuen garapen iraunkorrerako helburuek aipatzen dute hezkuntza inklusiboa garrantzitsua dela bizitzarako beharrezko gaitasunak garatzeko. Desgaitasunen dimentsio sozialari begira, pertsona horiek parte-hartze aktibo eta efektiboa izateko eragozpen ugari daude. Bizitzako lehen urteetatik eskola da garapenaren oinarrizko inguruetako bat; beraz, ikastetxeek eginkizun garrantzitsua daukate: desgaitasun edo hezkuntza-premia bereziak dituzten umeei bizitzako beharrezko gaikuntzak irakastea.

Lehen, uste zen desgaitasuna zuten ikasleen beharrak inguru berezietan hobeto aseak zeudela. Hortaz, gaur egun ikasleen dibertsifikazioak harremanetarako aukerak murrizten dituela eta ondorio negatiboak dakartzala frogatu da. Hezkuntza inklusiboak, ordea, ikasle guztiak gela berean daudenean eta elkarrekin ikasten dutenean, beharrezko ikaskuntzak eskuratzea ahalbidetzen du. Ondorio positibo horiek elkarreraginean eta elkarrizketan oinarritzen dira; horrez gain, inguru horietan gelako ikaskideak desgaitasuna duten ikasleen eredutzat hartzen dira.

Fernandez-Villardon, Alvarez, Ugalde eta Tellado (2020) ikertzaileek elkarrizketak eta elkarreraginak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleengan duten eraginari buruzko literaturaren berrikusketa egin zuten. Hogeita bederatzi ikerketa enpiriko hautatu eta aztertu zituzten.

Aurkitu zituzten ikerketen arabera, ikaskideek paper garrantzitsua hartzen dute gizarte-gaitasuneko garapenean. Ikaskideen bitartekaritzan oinarritutako esku-hartzeek desgaitasuna zeukaten umeen elkarrekintzak eta gizarte-laguntza areagotzea lortu zuten. Irakaskuntza akademikoan zehar elkarri eragiteko aukerak sartzeak ere eragin positiboa dauka gizarte- eta erlazio-gaitasunean. Jokoetan oinarritako esku-hartzeek, talde heterogeneoak erabiltzen dituztenek, interakzio soziala eta hizkuntza handitzen eta gizarte-deskonexioa gutxitzen dute. Esku-hartze interaktiboetan teknologia sartzeak eragin positiboa izan dezake, baina ikaskideek era interaktiboan erabiltzen dutela ziurtatzea oso garrantzitsua da.

Laburbilduz, ikerketek erakutsi dute, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek beste ikaskideekin ikasten badute, ingurumen horiek haur horien gizarte-gaitasuna sustatzen dutela. Ikerketa horiek gaitasun horren garapenean elkarrizketak eta interakzioak duten papera azpimarratzen dute. Ezinbestekoa da eskoletan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen gizarte-gaitasuna lantzea, zientifikoki frogatutako esku-hartzeen bidez.

Egilea: Aitana Fernandez