Verneda-Sant Martí-ko Pertsona Helduen Eskola (Bartzelona) munduko lehenengo ikas komunitatea da. 1978. urtean sortu zen, langile-klaseko auzokideen eskaera akademikoei erantzuna emateko. Izan ere, lan-merkatura sartzeko oztopoak zituzten, eta, beraz, eskolaren eta auzoaren arteko hezkuntza-proiektu hori sortu zen. Eskola berdintasunean eta demokrazian oinarrituta dago, eta hezkuntza dialogikoaren printzipioei jarraitzen die.

Bertan egiten diren prestakuntzen artean, alfabetatze-ikastaroak, unibertsitate-sarbiderako ikastaroak edo lanbide-heziketa daude, besteak beste. Ekintza horiek guztiak Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen bidez eramaten dira aurrera, hala nola tertulia dialogikoen eta talde elkarreragileen bidez.

Verneda-Sant Martí eskolaren inpaktua nazioarteko komunitate zientifikora heldu da; hala, autore garrantzitsu batzuk eskolari buruz mintzatu dira, eta haien mirespena agerian utzi dute. Hori izan da J. Commings-en (Harvard University-koa, Estatu Batuetako Helduen Ikasketa eta Alfabetatze Zentroko zuzendaria) kasua. Eskola bisitatu ostean, honako hau esan zuen: “Helduen hezkuntzako ehunka zentro bisitatu ditut, baina La Verneda-Sant Martíkoak nire memorian leku berezia du, ikaskuntza seriorako eta dibertsiorako lekua baita. Bi ezaugarri horiek bihotzerako eta adimenerako leku bihurtzen dute”. Carol D. Lee-k, Amerikako Hezkuntza Ikerketa Asoziazioko presidenteordeak, honako hau aldarrikatu du: “Freireren espiritua oso bizirik dago. (…) Egiten duzuena guztiontzako eredua da”. Gainera, aldizkari zientifiko garrantzitsuenetarikoetan ere idatzi da La Verneda-Sant Martí eskolari buruz, hala nola Harvard Educational Review aldizkarian.

Bestalde, eskolan parte-hartzearen onurak ez dira alderdi akademikoan bakarrik geratzen. León-ek argitaratutako artikuluan, eskolan eta solasaldi dialogikoetan parte hartzeak adiskidetasuna, ongizatea eta bizi-kalitate hobea dakartzala esaten da. Ikerketa horren emaitzen artean daude eskolan sortu den komunitate- eta elkartasun-sentimenduak La Verneda eskolaren iraunkortasuna bermatzen duela, eta bertan sortu diren adiskidetasun sendoak auzo osora hedatu direla. Parte-hartzaileentzat hain da handia eskolara joatearen onura, ezen zenbait medikuk ere hala egiteko gomendatzen baitiete pazienteei. 

Askotan, jubilazioa eta nagusia izatea bakartasunarekin edota gizarte-isolamenduarekin lotzen dira. Hala ere, “pertsonak amets egitera ausartzen diren eskola” da eskolaren goiburua; parte-hartzaileek bertan bestelako interesik gabeko laguntasuna bizitzeko eta haien bizitza nahiz ongizatea hobetzeko aukera dute.

Egilea: Kaiera