Harvard Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateak Ezagutza Erabilgarria deritzon atalean hainbat gako eskaintzen ditu, eta bereziki erabilgarriak suertatzen dira gaur egungo Covid-19aren egoeran. Hezkuntzak jokatzen duen paperaren garrantzia ez dago eztabaidan, are gehiago, eskolek kalitatezko hezkuntza eskaintzeko beharrezkoak diren baldintzak bermatu behar dituzte, eta, horretarako, haurrentzat, familientzat zein komunitatearentzat baliabide eraginkorrak ziurtatu behar dituzte. 

Eskolen itxierak eskola-komunitatean erresilientzia sustatzen duten jardueretan ondorio negatiboak izan ditzake. Atal honetako ikertzaile-taldeak ezaugarri hori duten 5 motatako ekintzak identifikatu ditu:

1. Ongizate soziala: 

    • Eskolek askotariko zerbitzuak (janaria, osasun-zerbitzua, osasun mentala) eskaintzen dizkiete milioika umeri. Nahiz eta zerbitzu horiek urrutitik mantentzen saiatzen diren, ikasle asko funtsezko zerbitzuak jasotzeko itxaroten ari dira.
    • Haurren abusua, normalean, eskolako profesionalek salatzen dute. Eskolen itxierarekin, abusua identifikatu eta salatzeko zailtasun gehiago daude.
    • Janariari dagokionez, Estatu Batuetako datuek erakutsi dute umeak dituzten familia askok elikagaien segurtasunik eza adierazi dutela.

2. Giza garapena: eskolek berebiziko garrantzia dute ikasleen garapen emozionalaren sustapenean. Izan ere, aukera paregabeak eskaintzen dituzte haurren arteko elkarrekintzarako aukerak zabalduz. Gai hori bereziki delikatua omen da, saioen grabaketa sinkronikoek ez baitute, orain arte behintzat, umeen isolamendu-sentimendua arindu. 

3. Umeen zaintza: guraso askok euren lana galdu dute edota zailtasunak izan dituzte lana eta umeen zaintza eta hezkuntza uztartzeko.

4. Lanbide egonkorra: tokian tokiko lan-egoera ere kontuan hartu beharrekoa da, hezkuntzan zuzeneko eragina baitu. 

5. Elkartasun demokratikoa:

  • Badakigu arraza, klase sozial, hizkuntza eta jatorri askotako ikasleak modu eraginkorrean integratzen dituzten eskolek aurreiritziak gutxitu eta talde ezberdinen arteko ongizatea areagotu dezaketela. Ikastetxeak ixteak ikasleek inguru anitzek izan ditzaketen onurak galtzea ekar dezake.
  • Komunitatea batzeko aukerak urritu egiten dira eskolen itxierarekin.
  • Nahiz eta Internet bidez eskolak eman diren, ikasleen arteko interakzioak mugatu egin dira.

Gauzak horrela, adituek hiru ondorio azpimarratzen dituzte eskolak sendotzeko aipatutako bost alderdietan. Alde batetik, hezkuntzarako neurrien arduradunek eskolek betetzen dituzten bost alderdiak kontuan hartu beharko dituzte, eta ez soilik euren alderdi akademikoa. Bestetik, komunitate osoaren ahotsak jaso behar dira hezkuntza-prozesuak ahalik eta zintzoenak, eraginkorrenak eta inklusiboenak izateko. Azkenik, politikariek hezkuntzarako baliabide ekonomikoak gehitu beharko lituzkete hezkuntza-sistema publikoa ahalik eta gutxien higatzearren.