Azken urteotan, gero eta ohikoagoa bilakatu da bikote edota talde txikien bitartez ikasleen ikaskuntza-prozesua sustatzea. Bigarren hizkuntzaren arloko hainbat ikerketak erakutsi dute hori egitea eraginkorra dela. Elkarrekintzak ikaskuntza sustatzeko betetzen duen eginkizuna aitortu dute. 

Haatik, nahiz eta ebidentziek bigarren hizkuntza baten ikaskuntzan bikote edo/eta taldeak erabiltzea iradokitzen duten, errendimendu handiko bikote eta talde horien osaera nork erabaki behar duen argitu beharra dago: alegia, ikasleei beren lankideak aukeratzen utzi beharko litzaieke ala irakasleek izendatu beharko lituzkete ikasleak lantaldeetan? 

Irango Guilan Unibertsitateko Seyedeh Hamideh Mozaffari (2017) ikertzaileak galdera horri erantzuteko xedearekin burututako ikerketaren emaitzak aurki ditzakegu Comparing student-selected and teacher-assigned pairs on collaborative writing artikuluan. 

Ikerketa horretan, Irango EFL Institutuko bateko bi gela paralelotako (A eta B ikasgelak) berrogei ikaslek parte hartu zuten. Parte-hartzaile guztiak 20-26 urteko emakumeak ziren. Ikerlana egin zenean ikasleek irakasle bera partekatzen zuten. Datu-bilketarako, ikasleen elkarrizketa guztiak audioan grabatu, transkribatu eta aztertu ziren, alde batetik, hizkuntzarekin lotutako gertaeren kopurua, mota eta ebazpena zehazteko, eta, bestetik, elkarrekintzaren ereduak zehazteko. Halaber, ikasleek sortutako testuak aztertu ziren tresna kuantitatibo eta kualitatiboak erabiliz. 

Ikerketaren emaitzek iradokitzen dute irakasleak hautatutako ikasle-pareak ikasleek hautatutakoak baino nabarmen gehiago eragiten dutela hizkuntzarekin lotutako gertaeretan. Aitzitik, ez zen ageriko aldaketarik topatu parekatze-metodoen (bikote edo talde txikiak) arteko elkarrekintza-ereduetan. 

Halaber, binaka egindako lanaren (lankidetzan oinarritutako idazketa) emaitzari dagokionez, irakasleak osatutako bikoteek nabarmen gainditu zituzten ikasleek hautatutako bikoteak arintasun- eta zehaztasun-neurrietan. Gainera, askoz ere testu hobeak sortu zituzten antolaketari, gramatikari eta hiztegiari dagokienez. 

Oro har, ikerketaren emaitzen arabera, baieztatu daiteke ikasleak binaka edo talde txikitan lanean jartze hutsak ez duela bikote-lan arrakastatsua bermatzen. Hori dela eta, garrantzitsua da irakasleek bikote edota talde osaerari buruzko gogoeta egitea ikasgelan bikote- zein talde-jarduerak erabili aurretik. 

 Egilea:  Ane Olmedillo Berasategi