Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, “genero-indarkeria bikote batean pertsona batek besteari kalte eta min fisikoa eta psikologikoa eragitea da; jarrera horien artean daude kalte edo min fisiko, psikologiko edo sexuala eragitea, hertsadura sexuala, agresio fisioak, abusu psikologikoa eta jarrera kontrolatzaileak”. 

Genero-indarkeria munduko arazo larrienetarikoa bihurtu da; izan ere, gero eta emakume gehiagok pairatzen dute arazo hori. Estimatzen da munduko emakumeen % 30 genero-indarkeriaren biktimak direla edo izan direla, eta ehuneko horren emakume gehienak Asiako herrialdeetakoak dira; izan ere, Asiako emakumeen % 21-55ek genero-indarkeria bizi izan du noizbait.

Gainera, biktima gehienei gomendatzen zaie indarkeria ez salatzeko eta familia osoaren ondasunagatik, batez ere umeena, ez dibortziatzeko. Biktima horiek hainbeste kalte psikologiko izaten dituzte, non batzuek beren buruaz beste egiten duten, eta hori da larriena.

Arazoari konponbidea emateko nahian, online plataformen laguntzen inguruko ikerketa egin zen; emaitzek erakutsi zuten plataforma horien laguntza ezinbestekoa dela indarkeria pairatzen edo pairatu duten emakumeentzat, giro soziala eta babesa senti dezaten. Lineako komunitate horietan biktimek bizi izandako antzeko egoerak eta esperientziak partekatzen dituzte, eta bertan behar duten elkartasuna aurkitzen dute. Elkartasunak edo giza euskarriak, jasotako informazioaren edo bizi izandako jarrera batzuen ondorioz, pertsona bat maitatuta, zainduta, babestuta eta baloratuta sentitzea eragiten du. 

Horretan datza plataforma horien garrantzia, indarkeriaren biktima askok zailtasunak izaten dituztelako giza euskarria jasotzeko edo zuzenean erantzun negatiboak jasotzen dituztelako arazo horren aurrean; izan ere, askok ez dute jotzen familiak edo lege-indarrek eskaintzen dituzten laguntzetara.

Era berean, plataforma horiek biktimentzako laguntza eta mezu positiboak ematen dituzten heinean, plataforma batzuen anonimotasunak erraztu egiten du pertsona batzuen mezu negatiboak publikatzea. Sarritan esaten da genero-indarkeriaren biktimek beren kide intimoak haserrearazten dituztela, haiek erabakitzen dutela indarkeria-egoera horretan bizitzea edo beren kide intimoengana bueltatzen direla. Izan ere, 4 motatako errealitateengatik indarkeria pairatzearen errua botatzen zaie:

  • Egoeraren errua: banakoek indarkeria bultzatzen duten faktoreak eragiten dituzte.
  • Egilearen errua: indarkeria-egoera sortzen da erasotzaileak dituen arazo psikologikoak edo jarrera kontrolatzeko ezinaren ondorioz.
  • Gizartearen errua: indarkeria sortzen da gizartearen balio soziokulturalen ondorioz.
  • Biktimaren errua: indarkeria-egoera biktimek handizkatzearen ondorioz, indarkeria pairatzea merezi dute.

Erruduna bilatzeko mila arrazoi ematen saiatzen dira, eta benetako erruduna nor den ahazten dute: erasotzailea. Indarkeria-egoera bat ez da sortzen hura sortu nahi ez bada. Aurretik aipatutako arrazoi horiek guztiek, biktimak izutzeaz eta zanpatzeaz gain, egoera konpontzeko fokoa desbideratzen dute. 

Hori dela eta, elkartasunerako lineako plataforma horiek ezinbestekoak dira, eta haien erabilera biktimen eta emakume ororen artean sustatzea garrantzitsua da. Izan ere, plataforma horiek indarkeriari buruzko informazioa eta hori ekiditeko baliabideak eskaintzen dituzte, eta horiekin batera, enpatia, laguntza emozionala, estrategiak eta esperientziak partekatzen dira, biktimentzat giro babestua eta askatzailea izateaz gain.

Egilea: Ainhoa Bilbao Salazar