Badira lau bat ikasturte tertulia artistiko eta musikalak egiten hasi ginela. Ikasturtearen hasieran, tertulia musikalak egiten ditugu, eta bigarren hiruhilekoan tertulia artistikoak. Modu horretan landu ditugu, besteak beste, Prokofieven Romeo eta Julieta balleta, Vivaldiren Lau urtaroak kontzertua, Wagnerren Rhineko urrea opera, Picassoren Gernika margolana…

Ez ditugu ekintza soil gisa planteatzen, astebete edo bi aste inguru irauten duten proiektu gisa baizik. Egitasmo edo proiektu horietan hezkuntza-komunitate osoak hartzen du parte, eta bitarte horretan zehar tertulia dialogikoak egiten ditugu (HH2-tik hasi eta LH6-ra arte). 

Familia, irakasle eta ikasle guztientzat artistaren obraren inguruko informazioa biltzen duen web-orri bat egiten dugu. Bertan, artistaren biografia, egindako obra garrantzitsuen aipamen edo zerrendak eta bestelako bitxikeriak agertzen dira. Familia batzuek etxean, seme-alabekin batera, artisten informazioa aurkitu, bildu eta eskolara ekartzen dute. Joan eta etorriko lan partekatua izaten da, beraz. Tertulia batzuetan, familia batek baino gehiagok modu zuzenean ere parte hartu nahi izan du.

Maitasuna, heriotza, gerra, alaitasuna, beldurra, gorrotoa, inbidia… Hainbat sentimendu eta emozio atera izan dituzte ikasleek tertuliak egin ditugunean. Artista handi horien bizitza ikasteaz gain, beraien lanekin gozatzen dute, eta horrekin batera, sentimenduei hitzak jartzen eta egoerak hitzen, gorputzaren edo plastikaren bidez adierazten ikasten ari dira.

Egilea: Orokieta Herri Eskola