Duela egun gutxi berrireki dira eskolen ateak, eta aspaldi ikusi gabeko lagunekin batera, COVID-19ak planteatzen dituen erronkei ere ongietorria egin diete eskolek. Ikasle guztien ongizatea eta kalitatezko ikasketak bermatzearekin batera, osasuna ere lehentasun bihurtu da egun.
Gauzak horrela, ikasturteko lehenengo hiruhileko honetan hezkuntzari loturiko hainbat elkartek solasaldi dialogikoetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dute, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen papera COVID-19ak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko.
Egitasmo horren atzean ebidentzietan oinarrituriko hezkuntzaren aldeko estatu osoko hainbat elkarte daude: Euskadiko Ebidentzietan Oinarrituriko Hezkuntzaren Aldeko Elkartea- Adarra, Catalunyako Odissea Irakasleen Elkartea, Valentziako Iris-AEBE eta Asturiaseko AEBE ere bai.
Hala, hezkuntza-komunitate askotako kideen arteko hausnarketa eta elkarrizketa sustatuko da zikloan. Konkretuki, honako hauek dira datak eta komentatuko diren irakurgaiak:
- Irailak 15 (asteartea) 18.00h-19.00h: “Harvarden gomendioak eskoletara segurtasunez itzultzeko”.
- Urriak 13 (asteartea) 18.00h-19.00h: “Teknologia erabiltzearen ondorioak haurren enpatian eta arreta-gaitasunean”.
- Azaroak 17 (asteartea) 18.00h-19.00h: “Covid-19 konfinamenduan haurren abusua prebenitzeko ‘ateak irekitzen’ dituzten eskolak”
- Abenduak 15 (asteartea) 18.00h-19.00h: “Harreman afektibo-sexual seguruak sustatzea nerabeen artean COVID-19 garaian”.
Parte hartzeko, honako esteka honetako formularioa bete besterik ez duzu egin behar: https://forms.gle/3NKTib6K7AxqzWEf6. Izena ematen dutenei testuak bidaliko zaizkie (originalak eta itzulitako bertsioa), bai eta egun bakoitzeko solasaldira konektatzeko esteka ere.