Genero-indarkeria prebenitzeko, ezinbestekoa da politiken eta hezkuntzaren arteko lankidetza, emakumeek eta desgaitasunak dituzten pertsonek pairatzen duten genero-indarkeriaren aurkako programak abiarazteko. Nazio Batuen Biztanleriarako Funtsak (UNFPA) argitaratutako gidaren arabera, programa horiek legeetan eta sentsibilizazio-kanpainetan oinarrituta egon behar dira, non, indarkeria hori saihesteko jardunbideak aurkezteaz gain, estereotipoak suntsitzen diren eta indarkeria sustatzen dituzten jarrerak eta jardunbideak azaleratzen diren. Horretan, hezkuntzak garrantzi handiko rola du; indarkeriaren eta biktimen identifikaziora eta horren salaketara bideratuta dauden programak abiarazi behar dira. Ez hori bakarrik, hartu beharko liratekeen beste neurri batzuen artean daude independentzia ekonomikoa eta norberak erabakiak hartzea sustatzea, eta emakumeen eta desgaitasunak dituzten pertsonen autonomia babestea.

Informazio-falta dela eta, jendartean aurreiritziak sortzen dira, eta horrek eragiten du emakumeen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen indarkeriaren aurkako baliabideak eta konponbideak hain eraginkorrak ez izatea. Gainera, askotan baztertuta geratzen dira, eskaintzarik jaso gabe, eta eskuragarritasun-zailtasunak dituzte. 

Horiek horrela, emakumeen eta desgaitasunak dituzten pertsonen genero-indarkeriaren aurka egiteko, honako 4 ezaugarri hauek bete behar dira:

  • Erabilgarritasuna: emakumeen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen indarkeriaren aurkako eskubideak eta informazioa eskuragarri eta moldatuta egon behar dira. Adibidez, “Human Rights Watch” elkarteak irakurketa errazeko gida bat argitaratu zuen, pertsona horiek jakin dezaten zer egin beharko luketen indarkeria-egoera bat sufritzekotan.

Horrez gain, emakumeen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak babesteko, haien egoera ulertzeko eta giza bazterketa saihesteko programak abiarazi behar dira, baita harreman osasuntsuak, seguruak eta onak bermatzen eta sustatzen dituzten programak ere, hala nola azaleratze-tailerrak, indarkeriaren identifikazioa eta horren aurkako borroka sustatzen duten jardunbide egokiak, emakumeen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak babesteko kanpainak…

  • Irisgarritasuna: prebentzio- eta babes-programa horiek guztiak testuinguru guztietara, batez ere baztertuago dauden testuinguruetara, ailegatzen dira, emakumeen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitateari buruzko informazioa zabal dadin eta gizartea egoera horiei modu egokian aurre egiteko prestatuta egon dadin.
  • Onargarritasuna: emakumeekin eta aniztasun pertsonala duten pertsonekin lan egiten duten pertsonak prestatzea, haien eskubideak eta babesa bermatzeko, eta aurreiritziak eta informazio-falta saihesteko.
  • Kalitatea: emakumeek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek pairatzen duten indarkeria eta sexu-jazarpena azaleratzen eta horren aurkako borroka lantzen eta sustatzen duten sentsibilizazio-kanpaina eraginkorrak egitea, leku eta pertsona guztiengana ailegatzen direnak. Horren adibidea da “Toolkit on Eliminating Violence Against Women and Girls with Disabilities in Fiji”.

Helburua da laguntza, heziketa eta arreta eskaintzea batez ere emakumeen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen familiei eta zaintzaileei. Hasieran esan bezala, arazoak errotik kudeatu eta borrokatu behar dira, eta hori guztion lana eta betebeharra da.

Egilea: Ainhoa Bilbao