Irakurtzeko gaitasunak nabarmen baldintzatzen ditu gure bizitzak. Ez du soilik hezkuntzaren eremuan eragiten. Ekonomian, osasunean eta harreman sozialetan ere eragiten du. Gainera, ikerketak erakutsi du eskola-urteetan irakurketarekin arazoak izaten dituztenak gerora ere nekez moldatu ohi direla (baldin eta tartean esku-hartze eraginkorrik ez badago behintzat). Gero eta ebidentzia zientifiko gehiagok erakusten dute motibazioak eta irakurtzeko ahalmenak elkarrekiko harremana dutela. Beraz, bi elementu horien arteko harremana sakonago ezagutzea lagungarria izan daiteke gure esku-hartzeak ahalik eta onenak izan daitezen. Hortaz, zer harreman dute motibazioak eta irakurtzeko ahalmenak?

Galdera horri erantzuten dio Texaseko Unibertsitateko Jessica R. Toste-k eta bere lankideek argitaratu berri duten metaanalisiak, zeinetan 132 artikulu eta 185 lagin independente aztertu dituzten. Ez da, beraz, ikerketa soil bat. Urteetan zehar egin diren ikerketak kontuan hartzen dituen analisia da. Gainera, adinari dagokionez, Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara arteko ikasleak izan dituzte aztergai.

Ondorioztatu dute motibazioak eta irakurtzeko ahalmenak elkarri eragiten diotela, baina irakurtzeko ahalmena sustatzea dela esku-hartzerik eraginkorrena. Are gehiago, irakurtzeko ahalmen goiztiarra oso estuki lotuta dago gerora irakurtzeko motibazioa izatearekin. Aldiz, motibazioak ez du lotura garbirik ikasleek gerora izango duten irakurtzeko ahalmenarekin. Hau da, motibazioa lantzeko esku-hartzeetan motibazioarekin batera irakurtzeko ahalmena lantzen ez bada, motibazioak benetan eragiteko gaitasuna galtzen du.

Beraz, metaanalisi horren arabera, irakurtzeko ahalmena haurrak ahalik eta txikienak direnetik garatzea da modurik onena motibazioa eta irakurtzeko ahalmena sustatzeko. Era berean, metaanalisi horrek ondorioztatzen du motibazioa bere kasa lantzea ez dela eraginkorra. Hau da, lehenik motibazioa lantzea gerora irakurtzeko ahalmena lantzeko ez dela eraginkorra, ez motibazioa sustatzeko ez irakurtzeko ahalmena bultzatzeko.

Laburbilduz, ikerketa sendo horretatik bi ondorio atera ditzakegu: batetik, irakurtzeko ahalmena adin goiztiarretan lantzen hasi behar dela sistematikoki, eta, bestetik, irakurtzeko motibazioa bultzatu nahi denean, motibazioa beti landu behar dela irakurtzeko trebezia sustatu nahi duten ekimenen baitan, inoiz ez isolatuta.

Egilea: Harkaitz Zubiri