Udako oporrak amaitu edo amaitzen ari dira ipar hemisferioan, eta koronabirusaren pandemian eskolak itxi zituzten inguru horretako estatu gehienetan, baita Espainiako Estatuan eta bertako gobernu autonomikoetan ere, eskolak baldintza onenetan nola ireki eztabaidatzen ari dira.
Gero eta azterlan gehiagok erakusten dute hori modu seguruagoan egiteko moduak badaudela. Gakoa, dirudienez, honetan datza: higienea eta urruntze fisikoa zaintzean, osasun publikoko erantzun azkar bat ematean edozein infekzioren hedapena gelditzeko eta, are garrantzitsuagoa dena, komunitatean birusen hedapen-maila txikia egotean.

“Asiako herrialde batzuk, bereziki Hego Korea, eredu ona dira eskolek pandemian zehar aurrez aurreko irakaskuntza emateko”, dio Zoë Hyde Pertheko Mendebaldeko Australiako Unibertsitateko epidemiologoak. Hego Koreako eskoletan, haurrek beren otartekoak jaten dituzte beren lagunengandik banatzen dituzten plastikozko pantailen aurrean. Maskarak erabiltzen dituzte, jolastokian urruntze soziala praktikatzen dutenean izan ezik. Eta tenperatura bi aldiz kontrolatzen da goizero, lehenengo etxean eta berriro eskolako ateetan.

Pandemiaren hasieran, birusak haurrengan eragin ezberdina izan zezakeela zirudien. Haurrek sintoma arinagoak zituztenez, hain infekziosoak ez zirela pentsatu zen. Baina orain argi dago haurrek birusa transmiti diezaieketela beste pertsona batzuei, batez ere etxe berean bizi direnei. Kutsatzea nola gertatzen den jakiteko ebidentzia zientifiko eztabaidaezina oraindik falta bada ere, zenbait ikerketak erakusten dute, haurrak kutsatuta daudenean, helduak horren kutsakorrak izan daitekezkeela.

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak egindako inkesta batek ere ikusi zuen Europako hainbat herrialdetan maiatzaren erdialdetik aurrera eskolak berriro irekitzea ez dela orain arte lotu komunitate-transmisioaren handitze esanguratsuarekin. Baina, era berean, Europako herrialdeen zein Hego Korearen kasuan, une horietan komunitate-transmisioa txikia zela egiaztatu dute.

Australiako Hegoaldeko Gales Berria (NSW) estatuak, martxoan pandemia une gorenean zegoenean, eskolak partzialki itxi zituen, baina haurtzaindegiak irekita mantendu zituen. Kristine Macartney Australiako Immunizazioen Ikerketa eta Zaintza Zentro Nazionaleko zuzendariak eta bere lankideek eskolen eta haurtzaindegien datuak aztertu zituzten urtarrilaren amaieratik apirilaren hasierara bitartean. Eskolak zabalik egon ziren osasun-langileen seme-alabentzat edo alternatibarik ez zutenentzat. Macartneyk eta bere laguntzaileek 7700 eskola edo haurtzaindegitatik 25etan soilik eman zuten infekzio primario baten berri azterketa-aldian. Kasu horietatik, lau instalaziok soilik zuten etengabeko transmisioa.

Macartneyk adierazi du emaitzak estatuko osasun publikoaren erantzun indartsuaren testuinguruan irakurri behar direla. Hegoaldeko Gales Berriak proba-maila altuak mantendu zituen populazioan, kasuak berehala identifikatu zituen eta kontaktuen bilaketa ezarri zuen, eta mugak itxi zituen, berrogeialdien aplikazio zorrotzarekin. “Transmisioa kontrolik gabe gertatuko balitz komunitatean, ziur gaude eskoletara zabalduko litzatekeela”.

Eskolek zentzuzko urruntze-neurriak ezarri behar dituzte, eguna goizeko eta arratsaldeko txandetan banatuz, adibidez, gela bateko haur kopurua murrizteko, eta gurasoak eta irakasleak eskolako sarrera-irteeretan biltzea saihesteko, dio Miguel O ‘Ryanek. Txileko Unibertsitateko gaixotasun infekziosoen ikertzaile pediatrikoak Santiagoko eskolan ikerketa zabal bat zuzendu zuen.
Katherine Auger Ohioko Cincinnati Children’s Ospitale Medical Center-eko pediatriako ikertzaileak dioenez, eskolak berriro irekitzen badira komunitate-transmisioko tasa handiko eremuetan, oso garrantzitsua izango da kontu handiz ibiltzea maskararekin, klaseen tamainarekin, eskuak garbitzearekin eta probekin nahiz arakatzearekin. “Eskoletara ohi bezala itzultzen bagara, orduan arazoak izango ditugu”, gaineratu du.

Laburbilduz, badirudi hainbat azterlanek berresten dutela maskarak, klaseen tamaina eta higienea oso garrantzitsuak direla birusa ikastetxeetan heda ez dadin, baina, berriz diogu, komunitate-hedapen txikia funtsezkoa da denak funtziona dezan.
Argi dago orain arte egindako azterlanetatik ateratako ondorio horiek administrazioari, ikasleei, familiei eta irakasleei zuzenean eragiten dietela, baina baita komunitate osoari ere. Pandemiaren garaian, haurren, neska-mutilen eta gazteen hezkuntzak ere “tribu” osoa behar du, hau da, gizarte osoaren babesa, erantzukizuna eta inplikazioa gaixotasunaren hedapena ekiditeko.

Egilea: Luisa Maria Puertas