Haurren lanaren aurrean, erabaki sendoak gero eta beharrezkoagoak

Joan den ekainaren 12an ospatu zen Haurren Lanaren Aurkako Munduko Eguna, eta beste behin ere, errealitate oso latz bati aurre egin behar dioten zifra asko izan dira zenbait komunikabidetan: mundu osoko milioika haur lan arriskutsu batean aritzen dira, edo esplotatu egiten dituzte, oro har, beren osasunaren, hezkuntzaren eta, batez ere, ongizate orokorraren eta garapenaren kontura. UNICEFen kalkuluen arabera, 5 eta 14 urte bitarteko 150 milioi haur, edo 6 haurretatik ia 1, haurren lanaren biktima dira. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) azken kalkuluen arabera, adin-talde bereko 7,4 milioi haurrek etxeko lanak egiten dituzte, eta hori neurriz kanpo egiten dute neskek.

Milioika haurrek lan egiten dute familiei eusteko, baina haurren lana onartezina bihurtzen da haur gazteegiek egiten dutenean eta eskolan egon beharko luketenean. Kailash Satyarthi Bakearen Nobel saridunaren hitzetan, “ez dugu haurren lana ezabatuko haur guztiak eskolara joatea lortu arte, eta ez dugu lortuko haur guztiak eskolara joatea haurren lana ezabatu arte”.

2016an, 8.7 Aliantza sortu zen, Agenda 2030en Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetako 8.7 xedearekin bat etorriz, derrigorrezko lana, esklabotza modernoa, gizakien salerosketa eta haurren lana desagerrarazteko sortutako mundumailako ekimena. 8.7 Aliantzak onartu egiten du eragile bakar batek ere ezin diela, bere kabuz, erronka horiei aurre egin, eta errotik kentzeko ahaleginak azkartzeko, ezinbestekoa dela askotariko esparruetan espezializatutako ezagutzak erabiltzea. Haurren lana eta esklabotza-modu modernoak desagerrarazteko, pentsamendu integratua, ekintza koordinatuak, politiken formulazio eraginkorra eta baliabideen erabilera eraginkorra beharko dira. Harrezkero, eragin handiz, erakundeen eta herrialdeen arteko koordinazio-lan sistematikoa egiten dute, txosten partekatuak egiten dituzte, legegintza-proposamenak prestatu dituzte, kanpainak sustatu dituzte, etab.

2019ko uztailean, NBEren Batzar Nagusiak 2021a Haurren Lana Desagerrarazteko Nazioarteko Urtea izendatu zuen, Lanaren Nazioarteko Erakundearen gidaritzapean. Helburua: derrigorrezko lana eta haurren lana desagerrarazteko jarduerak sustatzea, 2025a baino lehen haurren lanari amaiera emateko. Espero zen hurrengo urtea guztiz berezia izatea haurren lana desagerrarazteko erronkan. 

Orain arte, aurrerabideari buruzko datuak oso pozgarriak izan dira; izan ere, haurren lanak 94 milioi  egin du behera 2000tik, baina pandemia-egoeran, aurrerapen hori guztiz mehatxatuta egon daiteke, LANEren eta UNICEFen arabera. Erakunde horiek, Haurren Lanaren aurkako Munduko Eguna dela eta, COVID-19 and child labour: A time of crisis, a time to act  txosten garrantzitsua argitaratu dute. Ohartarazi da COVID-19ak pobrezia areagotzea ekar dezakeela, eta, beraz, haurren lana areagotzea, familiek eskuragarri dauden baliabide guztiak erabiltzen baitituzte bizirauteko. Guy Ryder LANEko zuzendari nagusiak dioenez, “pandemiak familien diru-sarreretan dituen ondorio larriak kontuan hartuta, familia horietako askok, babesik ez dutenez, haurren lanera jo dezakete”, “Gizarte-babesa funtsezkoa da krisi-garaietan, ahulenei laguntza emateko aukera ematen baitu”.

Txostenak hainbat neurri proposatzen ditu haurren lana areagotzearen mehatxuari aurre egiteko; besteak beste, gizarte-babes integralagoak diseinatzea, etxe txiroentzako kreditua errazago lortzea, helduentzako lan duina sustatzea, haurrak eskolara itzultzeko neurriak ipintzea, eskola-kuotak kentzea eta lan-ikuskapenak egiteko eta legea betetzeko baliabide gehiago izatea.

Txosten bateratua oinarri hartuta, OIT-UNICEFek mahai-inguru birtual bat antolatu du. Bertan, hainbat esparrutako adituek beren ikuspuntuak aurkeztu dituzte COVID-19ak haurren lanean duen eraginari eta inpaktu hori arintzeko har daitezkeen neurriei buruz, eta osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiagatik GIHen 8.7 helburua lortzeko egoera honetan dauden oztopoei buruz. 

Halaber, haurrak haurren lanetik babestearen garrantziari buruz ezarri den elkarrizketa horretan, eskatu da COVID-19aren erantzun- eta berreskuratze-programa guztietan gaia sartzeko, eta Nazio Batuei, gobernuei, enplegatzaileen eta langileen erakundeei, gizarte zibilari, gazteei eta Nazio Batuetako estatu kide eta bazkide guztiei eskatu zaie, Haurren Lana Desagerrarazteko Nazioarteko Planaren (2021) eta GIHen 8.7 helburuaren esparruan, mota guztietako haurren lanari amaiera emateko, lan-konpromiso bateratua sendotzeko.

Egilea: Luisa Mari Puertas

Luisa Mari

Be the first to comment on "Haurren lanaren aurrean, erabaki sendoak gero eta beharrezkoagoak"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*