Duela gutxi, talde interaktibo birtualak abiarazten hasi gara Palància de Algímia d’Alfara HLHIko Lehen Hezkuntzako 1. mailako gelan.
Lehenik eta behin, esan behar da, talde interaktiboak lantzen hasi aurretik, haurrak dagoeneko ohituta zeudela bideokonferentzia egiteko aplikaziora; izan ere, aldez aurretik, literatura-solasaldi dialogikoak, arte-solasaldi dialogikoak, musika-solasaldiak eta bideoforumak egin zituzten. Ikasleek jada ikasia zuten txanda nola eskatu eta mikrofonoa nola aktibatu eta desaktibatu. Gainera, familiek badakite jarduerak puntual hasten direla.
Talde interaktiboak egin aurretik, prestatze-lan hauek egin ditugu:
1. Ikasleak talde heterogeneoetan banatu ditugu.
2.Gelan osatu dugun talde bakoitzeko, Jitsi bidezko bilera bat egin dugu (adibidez: «1A talde interaktiboa» eta «1B talde interaktiboa»).
3. Senideei eta boluntarioei azaldu diegu online talde interaktiboen funtzionamenduaren dinamika. Garrantzitsua da familiei haurrek parte hartzearen garrantzia gogoraraztea; izan ere, talde interaktiboetan, ikasleek aukera gehiago dute hitz egin nahiz parte hartzeko, eta, ondorioz, ikasteko.
4. Egun batzuk lehenago, jarduera-proposamenak helarazi genizkien boluntarioei, jardueraren azalpena ahalik eta hoberen presta zezaten. Beharrezkoa izan denean, kasuan kasuko proba teknikoak egin dira, denak ondo funtzionatzen duela egiaztatzeko.
5. Egun bat lehenago, familiei jakinarazi genien zer material izan behar zuten prest talde interaktiboak egiteko.
Talde interaktiboen egunean, boluntario bakoitza aurretiaz esleitu zitzaion bileran sartzen da. Jarduera-aldaketaren unean, boluntarioak aldatzen dira, ikasleak denbora osoan egoten dira bilera berean. Boluntarioek badakite zein haurrekin lan egingo duten bilera bakoitzean. Aldaketa egin bitartean, irakaslea, talde guztietan dagoena mikrofonoa itzalita duela, saiatuko da arreta handiagoa jartzen boluntarioa oraindik iritsi ez den talde horietan, taldean denbora gehienean pertsona heldu bat egon dadin.
Talde interaktiboak bukatzen direnean, irakasleak mikrofonoa aktibatzen du, ebaluazioan ikasle guztiek entzun diezaieten gainerakoei, haien taldeko pertsonak bakarrik ikus ditzaketen arren. Konexioak baterako ebaluazio hori egiteko aukerarik ematen ez badu, irakaslea bilera guztietan sartuko da banan-banan; horrela, ikaskuntza dialogikoaren 7 printzipioetan oinarrituta nola lan egin duten adierazi ahalko dute, eta horri buruzko iritziak partekatu.
Talde interaktiboetan egindako lanetako batzuk ondoren irakasleak biltzen ditu posta elektronikoz, ikasleek jarduerei behar bezala jarraitu ahal izan dieten ala ez baloratzeko.
Ikasleak agurtu ondoren, bilera laburra egiten dugu boluntarioekin, haien ikuspuntutik talde interaktiboek nola funtzionatu duten balioesteko: nola lan egin duten ikasleek, nola sentitzen ziren… Halaber, jarduera bera egokia zen ala ez baloratzen dugu, baita zailtasun teknikorik ala hezkuntzarekin lotutako zailtasunik zuen ere.
Ikusi dugu familiek ondo erantzuten diotela hezkuntza-jarduera arrakastatsuari, eta ahalegina egiten dutela konektatzeko eta behar duten guztia prest izateko. Gainera, senide batzuk seme-alaben gainean egoten dira, eta aparteko laguntzarik behar badute, eman egiten diete. Era berean, ikusten dugu ikasleek ikasteko eta lan egiteko interesa dutela.
Egilea: CEIP Palància de Algímia d’Alfara