Nurius, LaValley & Kim (2020) ikertzaileek, 11.222 pertsonaren parte-hartzearekin, ikerketa bat aurrera eraman dute, bizitza goiztiarreko zoritxarren (haurtzaroan zein nerabezaroan) eta osasun psikologikoaren artean zer-nolako erlazioa dagoen ezagutzeko.
Lehendabizi, aipatzekoa da nerabezarotik heldutasunera pasatzea erronka anitzeko prozesua dela, batez ere, buru-osasunarentzat. Prozesu gogorra da. Are gogorragoa, umeek edo nerabeek egoera larriak bizitzen baldin badituzte.
Eta egoera gogor horiek, Green eta kideek (2010) edo McLaughilin eta kideek (2012) frogatu zuten moduan, ez dira arraroak gaur egun. Izan ere, ikerketek diotenez, AEBko umeen zein nerabeen % 80k erasoa jasan du eta % 43 arazo ekonomikoak dauzkaten familien parte da.
Egoera horiek Nurius, LaValley & Kim ikertzaileek ikertu eta gero, adierazi dute haurtzaroan pobrezia zein abusuak jasateak ondorio esanguratsuak dituela osasun psikologikoan. Esate baterako, depresioa, suizidioa edo arazoak ongizate psikologiko orokorrean. Beste ikerlan batzuek ere erakutsi zuten emakumeen edo gutxiengo arraza/etnia batzuen kasuan arazoak areagotu egiten zirela.
Ikertzaileek, soluzio baten bila, zenbait baliabide lagungarri aurkitu dituzte, eta, besteak beste, familiaren kontziliazioa, eskolaren konpromisoa edo ondo lo egitea faktore lagungarriak direla ziurtatu dute.
Amaitzeko, adituek egin duten moduan, aipatu behar dut eskolek daukaten aukera paregabea dela. Izan ere, hainbat ikerketak ziurtatu dute ikastetxeak arriskua duten haurrak edo familiak identifikatzeko oso zerbitzu aproposa direla. Are gehiago, traumei zein zailtasunei aurre egiteko baliabide bat dira. Beraz, eskolek daukaten aukera erabili behar dugu prebentzioa, identifikazioa eta dagokien tratamendua guztion artean eskaintzeko. Horrela, pertsona guztientzako laguntza-sareak sortuz eta guztion arteko errespetua sustatuz, gizarte osoaren bizi-kalitatea ziurtatuko eta hobetuko dugu.
Egilea: Patricia Peña