Beste artikulu batzuetan aipatu den bezala, harreman afektibo-sexualetan (noizbehinkakoetan zein egonkorretan) indarkeria prebenitzeko eta aurre egiteko hezkuntza-lana funtsezkoa da, eta lanketa horretan bai eskolak, bai familiak, bai komunitatea inplikatu behar dira.
Nazioartean, onartuta dago harreman afektibo-sexualekin lotutako gaiak lantzeko programak adin goiztiarretan landu behar direla, eta Estatu Batuetako CDCk eta beste erakunde batzuek programak bultzatzen dituzte horretarako. Halaber, berariazko programak garatzen dituzte harreman afektibo-sexual seguruak lantzeko 11 urtetik aurrera.
Helburu horrekin, “Families for Safe Dates”, 11-14 urte inguru dituzten nerabeei eta beren inguruko nagusiei (irakasleak, familiak…) zuzendutako programa, sortu zen. Ebidentzien arabera, familiek eragin esanguratsua eta iraunkorra dute nerabeengan, eta gurasoek zeregin garrantzitsua bete dezakete indarkeria eta sexu-abusua prebenitzeko. Hori dela eta, programa horren helburua nerabeen eta haien gurasoen hitzordu seguru baten aldeko eta indarkeriari buruzko elkarrizketa sustatzea eta erraztea da.
Programa horrek hainbat material ditu, haien artean liburuxka batzuk, hainbat gai lantzen dituztenak:
-
“Talking about Dating”, bertan, zaintzaileen eta nerabeen arteko elkarrizketa errazteko eta erosoago sentitzeko aholkuak agertzen dira. Hitzorduetako abusu-datuei buruzko informazioa ere ematen du, baita nerabeei eta haien familiei ekar diezazkiekeen ondorio kaltegarriei buruzkoa ere.
-
“Skills for Handling Conflict”, harreman afektibo-sexualetan ager daitezkeen gehiegikeriak prebenitzeko edo, agertzen direnean, haiei aurre egiteko eta salatzeko trebetasunak garatzeko ekintza batzuk proposatzen dira.
-
“Recognizing Dating Abuse”, abusuak antzemateko eta horiei buruz hitz egiten laguntzeko informazioa eta jarduerak biltzen ditu: hainbat abusu mota, ohartarazpen-seinaleak, ondorioak, manipulazio-taktikak. Halaber, harreman osasungarrien ezaugarriei buruzko informazioa sartzen da.
-
“Preventing Dating Sexual Abuse and Rape”; bertan, zaintzaileei eta nerabeei sexu-abusua eta bortxaketa saihesten eta prebenitzen laguntzen dieten ekintzak eta informazioa eskaintzen dira. Lantzen diren gai batzuen artean, honako hauek daude: erasotzailea edo biktima ez izateko estrategiak eta ligeetan bortxaketa-drogei buruzko (alkohola barne) informazioa.
-
“Planning for Future”, nerabeei hitzorduetan etorkizuna planifikatzen laguntzeko informazioa biltzen du.
Programaren emaitzen artean, zenbait azpimarratzen dira: abusuaren aurreko larritasunaren pertzepzioa handitzea; abusua prebenitzeko erantzukizuna handitzea, baita autoeraginkortasuna areagotzea ere, abusua saihesteko; harremanetako abusua hobeto identifikatzea eta horren izaerari buruz gehiago jakitea; nerabearekin komunikatzeko trebetasunak areagotzea.
Programa horrek bide bat eskaintzen du nerabeek indarkeriarik gabeko harremanez gozatzeko aukera izan dezaten, zerbaitek kezkatzen baditu helduekin hitz egiteko aukera izan dezaten eta abusurik gabeko bizitza izateko prestatuago egon daitezen.
Egilea: Garazi Alvarez