Chesteko Virgen de la Esperanza Hezkuntza Bereziko Ikastetxean duela zenbait urtetik egiten ditugu solasaldi pedagogiko dialogikoak. Apurka-apurka eraldaketa pertsonal eta profesionalerako lekua sortu dugu. Horri esker, pertsona eta hezkuntzako langile gisa hobetzen ari gara; izan ere, ikaskuntza hori guztia, alde batetik, ikasgelako bizitzan islatzen da, eta, hala, ikasleen bizitzak hobetzen dira. Beste alde batetik, gure bizitzan ere islatzen da, eta gure inguruko pertsonen bizitza eraldatzen da. Orain, guztiontzat berria den egoera honetan, non konfinamenduak gure harremanetako batzuk eta gure eguneroko jardueretako batzuk eten dituen, gure solasaldi pedagogiko dialogikoei jarraitutasuna eman nahi izan diegu. 

Zergatik ez ditugu egoera honetan egingo, beste modu batean, baina betiere funtsezkoena mantenduz? Orain are zentzu handiagoa dute, eta indar handiagoz bizi ditugu. Eta, hala, gure solasaldiekin online jarraitu dugu, eta sarriago bildu ahal izan gara; izan ere, lehen, hiru asterik behin egiten ziren, eta orain astean behin egiten dira. Gainera, familia batzuek parte hartu ahal izan dute solasaldietan. Azken batean, hain egoera zail honek gure elkarrekintzak areagotu ditu.

Konfinamendu-garaian, solasaldiak aukera ematen digu bizitzen ari garen errealitatea partekatzeko, aukera ematen digu askorentzat hain zaila den unean gure familiei ematen diegun laguntza hobetzeko. Aukera ematen digu telelanaren egoera berri honetan aurkitzen ditugun zailtasunen aurrean elkarri laguntza emateko, eta egoerak ahalbidetzen duenerako eta ikastetxera itzuli ahal garenerako hobekuntzak pentsatzen eta birpentsatzen laguntzen digu. Ez erortzeko, ez gelditzeko, aktibo jarraitzeko eta hezkuntza bizirik mantentzeko aukera ematen digu.

Solasaldia bukatzen dugunean, gure aurpegietan poztasuna, irribarreak ikus daitezke, aurpegi pentsakorrak ateratako gaien aurrean, isiltasun aktiboak… Burua nola irekitzen den ikus dezakegu, baina baita bihotzak ere. Azken finean, poz-pozik gaude gure bizkar-zorroa bete dugulako eskola hobea eraikitzen jarraitzeko beharrezko zentzua sortzen duen guztiarekin.

Egoera honek gure bizitzako alderdi asko geldiarazi ditu; hala ere, ez du lortu gure lanarekiko ilusioa gelditzea, gure zerizan soziala, gainerakoengandik ikasteko beharra, ez eta partekatzeko, entzuteko, hezkuntza pentsatzeko eta birpentsatzeko beharra ere. Hori guztia partekatzen jarraitu ahal izatea teknologiak egiten digun opari handia da, baina ez litzateke posible izango solasaldi pedagogiko dialogiko paregabeetan parte hartzen dugun pertsona guztien borondaterik gabe.

Comunidades de Aprendizaje web orrialdetik aterata.