COVID-19a dela eta, guztiok etxean gaudela, Internet eta sare sozialetan ematen dugun denbora areagotu egin da, eta, horrekin batera, erabiltzen dugun modua ere bai. Itxialdian familiarekin, lagunekin edo lankideekin bideo-deiak egiten ditugu kontaktuan jarraitzeko. Horrek ez du esan nahi beti prest egon behar garenik horrelakoak egiteko edo besteek beti gogoa izan behar dutenik, besteak beste, euren burua bideo-dei batean erakusteko. Gauzak horrela, AEBko Indarkeria Sexualari buruzko Baliabideen Zentro Nazionalak (NRCSV, ingeleseko siglengatik) adostasunari buruz bereziki hausnartzearen garrantziaz ohartarazten du. Orain gehiago hartu behar da kontuan adostasuna, bai ondokoekin, bai modu digitalean.

Gurekin bizi diren pertsonen kasuan, ulertu behar dugu denbora asko emango dugula elkarrekin, denok beharko dugula denbora bakarrik egoteko eta bakoitzaren nahiak eta sentimenduak edo sentsazioak errespetatu behar ditugula. Momentu arraroak dira guztiontzat eta pertsona bakoitzari modu ezberdinean eragingo dio.

Komunikabide digitalen kasuan, pertsona asko modu digitalean lan egiten hasi dira lehengo aldiz. Lehen, aurrez aurre izaten genituen elkarrizketak, orain Interneten bidezkoak dira, eta horrek informazio falta sor dezake, aurrez aurre izaten ditugun elkarrizketetan errazagoa izaten delako informazio ez-berbalaren bidez mezua hobeto ulertzea eta erabaki egokiagoak hartzea. Beraz, mezuak argiagoak izan behar dira gaizki-ulerturik egon ez dadin. 

Beste aldetik, isolamendua dela eta, gazteek eta helduek harreman afektibo-sexualei modu digitalean jarraipena eman nahi izan diezaiekete; adibidez, mezuetan eduki sexualak ager daitezke, edo argazkiak… Baina kontuan eduki behar da pertsona guztiak ez direla ondo sentitzen horrelako jarduerekin, eta hori errespetatu behar da. Garrantzitsuena, aurrez aurre egiten zen bezala, elkarrekintza digitalean ere, bi pertsonaren arteko adostasuna egotea da, errespetua aurretik jarrita. 

Gainera, haurrekin eta gazteekin gogoeta egin behar da gaizki erabiltzeko arriskuei buruz:

  • Jazarpena salatzeko beharrari buruz, biktima eta lekuko izanez gero, eta erasotzailea izanez gero, ondorio pertsonal, sozial eta legalei buruz. Denek ulertu behar dute modu digitalean ere errespetuz jokatu  behar dugula beste aldean dagoen pertsonarekin. Azkenean, pertsona bat da eta, ikusten ez badu ere, ez du esan nahi sentimendurik ez duenik.  
  • Askotan, argazkiek arazoak sor ditzakete, eta hori dela eta, gazteek argazkiak bidaltzearen ondorioak jakin behar dituzte, hala nola izan ahal duten zabaltzea, eta nahi ez den pertsona baten eskuetan bukatzea. 
  • Jokabide sexualak izateko, alde onak eta txarrak hartu behar dira kontuan. Horrelako jarduerak egiteko, bi pertsonaren arteko aldez aurreko sexu-adostasuna behar bada, espazio birtualean ere biak ondo sentitu beharko dira aurrera egin ahal izateko. 

Hori bideratzeko, gurasoen laguntza behar dugu. Beraz, Interneteko erabilpen onari buruz hausnarketa egiteko, ume, gazte eta familiak aintzat hartu behar ditugu. 

Amaitzeko, egunero izaten ditugun interakzio digitaletan mugak jarri behar ditugu, eta besteek ezarritako mugak errespetatu. Hori lortzen badugu, errespetuzkoak izateaz gain, aldaketa sozial baten parte izango gara, eta aldaketa horretan adostasuna izango da interakzioen oinarria.

Egilea: Carlota Oteo