Bibliaren irakurketa eta ulermena eskola batzuen helburua da 1979an erlijio katolikoa hautazko ikasgai bihurtu zenetik. Ikuspegi dialogikoarekin Biblia ikastea aztertu gabe zegoen Marauri, Villarejo eta García-Carrión-ek aurten hori ikertu duten arte. Ikerketan Euskal Herriko itunpeko ikastetxe bateko lehen hezkuntzako 22 ikaslek hartu dute parte, Biblia ardatz izan duten 7 solasaldi dialogikotan. Konkretuki, laugarren mailako ikasleek parte hartu zuten ikerketa horretan. Eskolari dagokionez, jatorri kultural anitzeko ikasleria du, eta maila sozioekonomiko erdi-baxuko familiak dira nagusi.
Emaitzek diotenez, zazpi solasaldi teologiko dialogikoetan 596 elkarrekintza identifikatu ziren. Haien artean, % 19 irakurketari buruzko informazioa eskaintzearekin lotuta zeuden; % 8 galderak egitearekin lotutako elkarrekintzak ziren; % 4,2k adostasunak islatzen zituen, eta % 4,4k ezadostasunak. Identifikatutako elkarrekintzen gehiengoa, % 64,4 hain zuzen ere, azalpenak, hipotesiak eta bestelako esplikazioak ematen baitziren Bibliarekin eta haien esperientziekin lotuta. Era berean, aipatzekoa da zazpi saioetan 9-21 ikaslek hitz egin zutela.
Bibliarekin egindako solasaldi dialogiko horien ondorioz, ikasleen parte-hartzea zabala izan da, irakurketan oinarrituriko hausnarketak eta iritziak anitzak izan baitira. Modu horretan, solasaldi dialogikoek agerian jarri dute oso tresna eraginkorrak direla ikasleen goi-mailako pentsamendua sustatzeko, bai eta gai sakonen inguruko ideiak eta iritziak plazaratu eta partekatzeko ere, hala nola ametsak, zientzia, erlijioa, genero-harremanak eta balio moralak.