Chesteko Virgen de la Esperanza Hezkuntza Bereziko eskolan, konfinamendu-garai honetan, solasaldi literario dialogikoak egiten ari gara lehen hezkuntzako ikasleekin, 6-12 urtekoekin, hain zuzen ere. Ikasleek, besteak beste, garun-paralisia, autismoa zein atzerapen mentala dute. Lehenik eta behin, familien zein ikasleen beharrak ezagutzeko asmoz, bideo-dei bat egin genuen. Elkarrizketa horretan atera ziren ondorioen artean, etxetik solasaldi literario dialogikoak egiten jarraitzeko proposamena atera zen.  

Tertuliak topagunea eta ikasteko gune aparta izan ohi dira, eta hala izaten jarraitzen dute. Izaki sozialak garen neurrian, familia eta irakasleak elkartzeko gune baten beharra aitortu zen. Bakartasuna aldentzen duen eta egoera honen aurrean sentimenduak partekatzeko lagungarria den espazioa sortzearen beharrari erantzuteko, tertuliek ziruditen irtenbidea!

Urteak daramatzagu tertuliak egiten, eta zorioneko ikasle batzuek haien gurasoekin partekatzeko aukera izan dute jada, baina bizitzen ari garen egoera berezi honek bakoitzaren etxeetan sartzeko aukera eskaintzen du. Han, aitarekin, amarekin zein etxeko beste umeekin solasaldia handituz doa. Aurreko tertulian esan zen antzera: “orain denok gara familia pixka bat gehiago”. Gainera, ikasle askoren ametsa egia bihurtu da: familien ahotsak eurenetara gehitzea. Amets hori ikasleen anai-arreben ezusteko parte-hartzearekin elikatu da, tertulien esperientzia zabalduz.  

Solasaldi horiek “faltan botatzearen” sentimenduari buruz hitz egiteko aukera eskaini digute, bai eta “lagunak ikustearen nahia” hizpide izateko ere. Ez dute eskola espazio fisiko gisa faltan botatzen, pertsonak baizik, eta horiek eskaintzen dutena. Etxetik egiten ari garen tertuliekin ezin dugu distantzia fisikoa murriztu, baina elkarri entzunez eta pantailetan elkar ikusiz, oso gertu sentitzeko aukera dugu. Oinarrizko gaiez hitz egiten dugu, irakurketak iradokitzen dizkigunak, elkarri entzuten eta galderak egiten dizkiogu. Tertulia amaitzen denean, gehiago nahi dugu! Izan ere, espazio horrek zoriontsuagoak sentiarazten gaitu, gure irribarrea zoriontasun horren lekukoa da, geroz eta distiratsuagoak ditugun begiradekin batera. Orain, gurasoek diote “eskolara bueltatzen garenean, guk tertulietan parte hartu nahi dugu”, Virgen de la Esperanza eskolak beti bezala amesten jarraitzen duen isla. Elkar faltan botatzen dugun arren, tertuliak egiten ditugunean ausartagoak sentitzen gara erronka berri honi aurre egiteko, elkarrekin. 

Comunidades de Aprendizaje web orrialdetik itzulita.

Eskolako Lehen Hezkuntzako Irakasleak