Betidanik plazaratu izan dira teknologia berriekiko iritzi apokaliptikoak eta integratuak. Lehenengoek sekulako hondamendia aurreikusten dute berrikuntzak agertzen diren bakoitzean. Bigarrenek, ordea, ez dute inolako arriskurik ikusten inoiz. Teknologia berriei dagokienez, ez dirudi bi ikuspegi horiek asko laguntzen dutenik mesedegarriak diren erabakiak hartzen.

Ikuspegi horietatik urrun dago Ramón Flechak, Cristina Pulidok, Beatriz Villarejok, Sandra Racionerok, Gisela Redondok eta Elisabeth Torrasek argitaratu duten ikerketa. Teknologia digitalek (sare sozialek, bideo-jokoek, ikus-entzunezkoek eta telefono mugikorrek) umeen arretarako ahalmenean eta enpatian duten eragina aztertu dute, azken bost urteetan egin diren ikerketak oinarri hartuta. Gakoa erabilera mota dela ondorioztatu dute: behar bezala erabiltzen direnean, mesedegarriak dira, baina, bestela, kalteak eragin ditzakete.

Gailu adimendunak (tabletak, telefono mugikorrak…) hezkuntza-prozesuetan txertatzen direnean, umeen arreta-ahalmena handitu dezakete. Baina, hori gertatu dadin, ezinbestekoa da teknologia digital horiek interakzio aberasgarriak dauden testuinguruetan txertatzea.

Umearen enpatia handitu egiten da teknologia digitalaren edukia, erabilera eta interakzioak prosozialak direnean; hau da, teknologia digitalarekin egiten diren jardueretan laguntasuna, lankidetza, altruismoa eta arazoen konponbidera bideratutako jokabideak nagusitzen direnean. Ikaskuntza dialogikoaren ezaugarriak dituenean, teknologia digitalaren erabilera mesedegarria da.

Kontrakoa gertatzen da eduki antisozialak eta indarkeriazaleak nagusitzen direnean. Horrelakoetan parte hartzen duten umeen sentsibilitatea eta enpatia murriztu egiten dira. Jokabide prosoziala ere ahuldu egiten da. Indarkeria ikuspegi kritikotik interpretatzeko gaitasuna higatu egiten zaie

Bestalde, umeek bi ordu baino gehiago pasatzen badituzte ikaskuntzara bideratuta ez dauden erabileretan, litekeena da telefono mugikorrak, bideo-jokoak eta ordenagailuak kaltegarriak izatea. Besteak beste, aurrez aurreko interakzio aberasgarrietarako aukerak eta denbora galarazten dizkiete, eta horrek ondorio kaltegarriak dauzka umeengan: arretarako ahalmena murriztu dezakete eta hiperaktibitate-arazoak sor ditzakete.

Guztia gainbehera datorrela pentsatu beharrean edo teknologia-berrikuntzak gure arazoak konponduko dituela aurreikusi beharrean, komenigarria dirudi erabilera aproposak nola sustatuko ditugun pentsatzea.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri