Gizartea bizitzen ari den belaunaldi honi teknologiaren aroa deitzen zaio informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) hazkuntza dela eta, eta hori ikastetxe zein ikastetxetik kanpoko eremuetan antzematen da. Gailu teknologiko guztien artean (ordenagailuak, mugikorrak, etab.), tabletak dira eragin handiena izan dutenak hezkuntzaren esparruan. Lehen tabletak hezkuntza-mundura sartu zirenetik, esanguratsua da lehen hezkuntzaren arloan izan duten bilakaera eta inpaktua. Ikasgelako baliabide gisa erabiltzeaz gain, ikasleak ebaluatzeko funtzioa ere hartu dute.

Hala ere, tableten erabileraren baliagarritasuna neurtzeke dago. Izan ere, orain arte ikasleentzat paperezko liburuak eta koadernoak izan dira haien tresna nagusiak ikasterako unean. Horren harira, Eva Hamhuis, Cee Glas eta Martina Meelissen ikertzaileek Herbehereetan 2019an aurrera eraman zen ebaluazio bat hartu dute oinarritzat (TIMSS, Matematikaren eta Zientzien Joeraren Azterketa), eta 2015ean egindako ebaluazio berarekin alderatu dute beren ikerketa bideratzeko. Ikerketa Herbehereetako lehen hezkuntzako esparruan matematikako irakasgaian tabletaren erabilera ebaluatzean datza. Ikertzaileek hiru ikerketa-galderari heldu diete, eta denak ikasleen errendimendu akademikoarekin lotzen dira: 1) papera eta arkatza erabiltzen diren proben eta tabletak erabiltzen diren azterketen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak antzematea; 2) ikasleen generoa papera eta arkatza erabiltzen diren probetan eta tabletak erabiltzen diren azkterketan faktore baldintzatzaile bat den aztertzea; eta 3) irakurketa-zamak (txikia, ertaina edo handia) papera eta arkatza erabiltzen diren azterketetan eta tabletak erabiltzen diren azterketetan nola eragingo duen jakitea.

Ikerketa aurrera eramateko, TIMSS azterlanak emandako laginak eta datuak erabili dira. Bertan, Herbehereetako lehen hezkuntzako 23 ikastetxetako laugarren mailako 532 ikaslek hartu zuten parte; generoaren arabera, % 50 emakumezkoak ziren eta % 50 gizonezkoak. Prozesuari dagokionez, ikasleak bi azterkete arabera ebaluatu zituzten: lehenengo proba papera eta arkatza erabiliz egin zen, eta bigarrena, astebeteko tartearekin, tableta erabiliz egin zen. Bi probetan 186 item agertzen ziren; item horien erdia aukera anitzeko galderek osatzen zuten, eta beste erdia garatzeko galderek.

Emaitzei begira, eta lehenengo ikerketa-galderari ekinez, ez da argi geratzen tableten bidezko ikaskuntza metodo tradizionala baino hobea denik, azterturiko ebaluazioak ez baitu garbi uzten Herbehereetako kasua. Bigarren galderari erantzunez, emakumeek emaitza hobeak lortu dituzte tableta erabilitako probetan gizonezkoekin alderatuz, aurreko ebaluazioan ez bezala. Horrek adierazten du emakumezkoen gaitasun informatikoak aldatzen ari direla eta matematikaren eta zientzien arloan lekukoa hartzen ari direla. Hirugarren ikerketa-galderari buruz esan daiteke paperean irakurtzera ohituago dauden ikasleek errendimendu akademikoaren aldetik emaitza hobeak lortzen dituztela alderantzizko kasuan baino, hots, tabletan edo pantaila batean irakurtzera ohituak daudenak baino.

Amaitzeko, aipatzekoa da ikertzaileek ikerketarekiko hainbat muga izan dituztela. Alde batetik, TIMSS azterlanak eskainitako datuak erabili direnez, ateratako ondorioak ezin dira orokortu, lagina mugatuta baitago. Bestetik, TIMSS azterlanak modu orokorrean egiten die erreferentzia gailu teknologikoei. Horregatik ikasleek tabletekin duten harremanaren eta errendimendu akademikoaren artean erlazioa sortzeko zailtasunak izan dituzte.

Egilea: Iker Goya

Iker Goya Zapirain