Edukiei buruz idazteak edukiak ikasten laguntzen du matematikan, natur zientzietan eta gizarte zientzietan

Irakasleek eskatuta, ikasleek sarritan idazten dute ikasten ari diren edukiei buruz. Beraz, ebidentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, ezinbestekoa da praktika hori ikertzea. Jakin beharra dago ea ikasgeletan hain zabalduta dagoen praktika hori eraginkorra den ala ez. Helburu hori dauka Arizonako Estatu Unibertsitateko Steve Graham-ek eta bere kideek egin duten ikerketak. Aurretik eginda zeuden 56 ikerketa aztertu dituzte.

Ondorioa oso argia da: edukiei buruz idazteak sustatu egiten du edukien ikaskuntza matematikan, natur zientzietan eta gizarte zientzietan. Ikaskuntzara bideratutako idazketak hobetu egiten du edukien ulermena eta edukiak praktikan aplikatzeko gaitasuna. Idaztearen mesedea ez da soilik hizkuntzaren eta arteen arloan gertatzen. Ikasleen ezagutza akademikoa indartzeko, zabaltzeko eta sakontzeko bitarteko gisa erabiltzen bada, ondo funtzionatu dezake, baita matematikan, natur zientzietan eta gizarte zientzietan ere.

Praktikan, zeregin askotarako erabil daiteke idazketa: egoerak aztertzeko, informazioa laburbiltzeko, ideiak alderatzeko, bereiz zegoen informazioa harremanetan jartzeko, prozesuak deskribatzeko, zerbaitek nola funtzionatzen duen azaltzeko, ideiak zabaltzeko edo lantzeko, ipuin edo poema bat idazteko, analogiak eraikitzeko, argumentuak prestatzeko, edo ikasten ari denari buruzko oharrak hartzeko. Matematikako buruketa bat ebazteko zenbakiak idaztea ez da multzo horretan sartzen, baina nola ebatzi erakusten duen azalpena idaztea bai. 

Idazteak lagundu egiten du ezagutza epe luzerako memorian gordetzen. Hainbat eragiketa eta egitura kognitibo aktibatzen ditu. Idazteak lagundu egiten du hausnarketa sustatzen, ikuspegiak eraikitzen eta ekintza ahalbidetzen.

Gaur egun, idaztea funtsezkoa da bizitzaren hamaika arlotan ondo moldatzeko. Idazketa erabiltzen dugu komunikatzeko, informazioa jasotzeko, pertsuasiorako, sormenerako, sentimenduak adierazteko, entretenitzeko, zauri psikologikoak sendatzeko, esperientzien kronika egiteko, gertaeren esanahia eraikitzeko… Bizitzarako ezinbesteko tresna da. Lagunartean, lantokian, etxean, eta, jakina, eskolan. Ez bakarrik hizkuntzak eta arteak lantzeko. Ikerketa zientifikoak erakusten digu matematikako, natur zientzietako eta gizarte-zientzietako edukiak ikasteko ere oso ondo funtzionatzen duela. Gure esku dago hain eraginkorra den bitarteko hori behar bezala erabiltzea. Bizitzak aldatzen ditu.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117

Be the first to comment on "Edukiei buruz idazteak edukiak ikasten laguntzen du matematikan, natur zientzietan eta gizarte zientzietan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*