Santanderreko Ángeles Custodios babespeko etxebizitzan bizi garen nesken taldea gara. Hemen kontatu nahi dugun esperientzia 2018an hasi zen, gutako batzuk Kantabriako Unibertsitateko hezitzaileekin joan ginenean RTVEren “Voces contra el silencio” dokumentala ikustera. Orduan, elkarrizketa-espazioa ireki zen, eta kideetako batzuk guztien aurrean isiltasuna haustera ausartu ziren, baita jasan zituzten indarkeria-egoerak salatzera ere. Horren ostean, gehiago hitz egin nahi izan genuen! Aukera sortu zen gure solasaldi dialogikoen espazioa eratzeko elkarrekin bizi garen babespeko etxebizitzan, gure gizarte-hezitzaileekin eta bi ikertzaile boluntariorekin batera.
Bi motatako solasaldi dialogikoak egiten ditugu: feministak eta literarioak. Hala ere, guztiok neskak garenez eta beti berdintasunari eta indarkeriarik ezari buruz hitz egiten dugunez, literarioak espazio feministak ere badira. Tertulia feminista dialogikoetarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta genero-indarkeria desagerrarazteko lagungarriak direla erakutsi duten ikerketa zientifikoak hautatzen ditugu. Guztiok pentsatzen dugu horrelako espazioetan parte hartzeak hainbat onura ekarri digula: genero-indarkeria fisiko nahiz psikologikoaren kontziente izatea, matxismoa hobeto identifikatzea, ikusten ditugun edo gertatzen zaizkigun gauzak ez normalizatzea eta norekin maitemintzen garen aukeratzeko askeak garela jakitea, ondo tratatuko ez gaituen batekin ez maitemintzeko! Eta inork inor ez umiliatzeko edo inor baino gehiago dela uste ez izateko. Gure esperientziei buruz hitz egiteko eta horiek pertsonen arteko harremanei, laguntasunari, elkartasunari edo maitasunari buruzko ikerketek diotenarekin alderatzeko aukera dugu. Horrek gure erreakzio eta pentsamenduei buruz hausnartzera bultzatzen gaitu, eta lehen oharkabekoak ziren jarrerak eraldatzera. Harreman toxikoak hausteko urratsa egin duten kideak ere badaude; beste batzuk dite ikasi dutela zer komeni zaien identifikatzen eta ezetz esaten, edo beste lagun batzuei harreman toxikoetatik irteten lagundu diegula.
“El amor en la sociedad del riesgo” (Gómez, 2004, 2015) bezalako liburuek hausnarrarazten digute gure inguruko pertsonek benetan zoriontsu egiten gaituzten ala ez, eta pentsarazi egiten digute ea gure bikote-harremanek aberasten gaituzten ala egotearren gauden. Egotearren bagaude, emaitza asperdura edo amesgaiztoa baino ezin da izan. Solasaldi feminista dialogikoei esker, genero-indarkeriari buruz hausnartu dezakegu, eta, hortaz, ez dugu hura normalizatzen, ez dugu indarkeria txikiena ere onartuko! Solasaldietan horri buruz hitz egiteak erne egonarazten gaitu, eta gugandik kanpo ere islatzen da; izan ere, gehiago hitz egiten dugu geure artean: solasaldietan partekatzen ditugun gai pertsonalagoei buruz. Orain ikusten dugu guk bizi izandako hainbat gertaera beste emakume askok ere igaro dituztela, baita hezitzaileek ere, adin desberdinekoak izan arren! Eta, partekatzean, aholku hobeak emanez elkarri lagundu eta elkar babestu dezakegula ikusten dugu.
Dokumentalari buruz hausnartzeko etxebizitzan eratu genituen espazioei eta “El amor en la sociedad del riesgo” liburuari buruzko solasaldi dialogikoei esker, asko elkartu ginen gure artean, hobeto ezagutu genuen elkar eta konfiantza handia sortu genuen. Guztiok ez gara lagun bihurtu, baina solasaldietan gauza asko partekatzen ditugula edo gure desberdintasunak eta elkarri laguntzea bateraezinak ez direla konturatzen gara; izan ere, kide batzuek oso egoera gogorrak bizi izan dituzte, eta, hitz egiteko espazio horiei esker, pazientzia handiagoa dugu eta solidarioagoak gara gure artean, elkarri laguntzen saiatzen gara edo birritan pentsatzen dugu ondokoa mindu dezakeen ezer esan aurretik. Halaber, ikasi dugu feminismoaren historian beti egon direla berdintasunaren aldeko gizonak eta emakumeak nahiz berdintasunaren kontrako gizonak eta emakumeak, feminismoa guztientzat baita! Hain zuzen, hori da orain irakurtzen ari garen liburuaren izenburua, eta haren egilea, Bell Hooks, feminismoaren erreferentzia da. Kide batzuek liburuaren jatorrizko bertsioa ere eskatu dute, eta ingelesez irakurtzen ari dira! Beste batzuk, aldiz, gure familiekin egon gaitezkeenean, etxera eramaten ditugu liburuak, eta gure gurasoek, orain interesatuta, irakurri nahi dituzte. Esan daiteke feminismoaren aktibista bilakatu garela, eta batera joaten gara berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren kontrako elkarretaratze eta manifestazioetara. Orain, indarkeria gelditzeko esku hartzen dugu zerbait ikusiz gero.
Batzuk pentsatzen dugu azkenaldian dena doakigula ondo bizikidetzan, ikasketetan eta bizitzan. Gainera, gogo handiagoa dugu zer ikasi aukeratzeko, genero-indarkeria jasan duten beste emakume batzuei laguntzeko eta feminismoan aurrera egiteko.
Egileak: P., S., N., M., M., S., S. eta L., Ángeles Custodios babespeko etxebizitza, Santander. Egoitza-babeseko zentroa