El Diario Feministak argitaratu zuen bezala, Amerikako Pediatria Asoziazioko Pediatrics aldizkarian “Being Bullied: Associated Factors in Children and Adolescents 8 to 18 Years Old in 11 European Countries” (euskaraz, Bullying biktima izatea: 11 herrialde europarretan 8 eta 18 urte arteko haur eta nerabeen faktoreak) artikulua argitaratu dute. Bertan, autoreek jazarpena jasotzen duten 8 eta 18 urte arteko gazte eta nerabeen faktore soziodemografiko, fisiko eta psikosozialak aztertu dituzte Europako hamaika herrialdetan (Austria, Holanda, España, Suitza, Erresuma Batua, Frantzia, Hungaria, Grezia, Suedia, Polonia eta Txekiar Errepublika). Ikerketa egiteko 16000 ikasle eta guraso baino gehiago elkarrizketatu dituzte, nagusikeria eta larderia eragiten dituzten faktoreak zehazteko. 

Emaitzetan behatu denaren arabera, bullyinga pairatu duten ikasleen batezbestekoa % 20,6 da; Erresuma Batukoa da ehuneko handiena, % 29,6, eta Hungariakoa txikiena, % 10,5. Jazarpenari bidea ematen dioten faktoreen artean, aipatzekoak dira: lehenik eta behin, biktimaren adina, izan ere, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta errazagoa da jazarpena jasatea. Bigarren faktorea osasun mentala da; ondoren, haur edo nerabearen aldartea dago, eta bukatzeko, gazteak duen babes soziala.

Bestetik, ikerketak bullying kasuetan egindako salaketak ikertu zituen, eta ondorioztatu zen Espainian, Suitzan, Erresuma Batuan, Austrian eta Holandan jazarpena bizi izana jakinarazi eta salatu egiten dela; alabaina Frantzian, Grezian edo Hungarian gazteek ez dute beren egoera berdin salatzen.

Ikastetxeek eragin txikia izan dezakete faktore batzuen eragina ahultzeko; beste faktore batzuen kasuan, aldiz, lan handia egin daiteke: biolentzia mota guztiak identifikatzen ikasi, salaketak egitea sustatu, biktimari laguntza eman, laguntasuna prebentzio-faktore gisa indartu…

Egilea: Laura Alvarez

LAURA