Nola aberastu Haur Hezkuntzako haurren hiztegia?

Egunerokotasuneko elkarrekintza-prozesuen bidez, oharkabean jasotzen diren ikaskuntzak bereganatzen dira, esate baterako, pertsonen arteko elkarrekintzen bidez, informazio berria eskuratu daiteke. Hezkuntzara bideratuta, Haur Hezkuntzan ematen den irakaskuntza funtsezkoa da.

Bizitzaren aro horretan aurrera eramaten diren kalitatezko programek izugarrizko eragina dute haurrengan. Gaitasun linguistikoaren hobekuntza eta areagotzea bilatzen duten programak bertan sartuko lirateke, eta aztertu den kasuan zehazki, haurren hiztegiaren jakintza zabaltzen laguntzen dutenak. Irakasleen eta ikasleen artean solasean aritzeko aukera eskaintzea onuragarria izan daiteke haurrek hitz berriak ikasteko, ondoren beste testuinguru batean erabili ahal izateko.

Cabell eta kideen artikuluan azaltzen den moduan, bertan eginiko ikerketak haur hezkuntzako haurrek eta irakasleek izan dituzten elkarrizketen kopurua eta kalitatea neurtu ditu. Ikerketaren lehendabiziko helburua irakasleen garapen profesionalak erabilitako estrategietan izan duen eragina aztertzea da. Bigarren helburua, aldiz, irakasleek erabilitako estrategiek haurren hiztegia handitzen laguntzen duten ala ez aztertzean datza, urtebeteko epean. 

Ikerketa aurrera eramateko Haur Hezkuntzako 44 irakasle eta 297 ikasle hartu ziren kontuan (160 mutil eta 137 neska, gutxi gorabehera zazpi haur ikasgela bakoitzeko). Aintzat hartu diren irakasle horietako hainbatek LLLI (Learning Language and Loving It / Hizkuntza Ikasten eta Maitatzen) programan oinarrituriko formakuntza jaso zuten, ondoren, ikasgelan programan ikasiriko estrategiak irakatsi ahal izateko. Aipaturiko estrategiak haurren komunikazioa ahalbidetzera zeuden bideraturik. Urtebetean ikasgela barruan suertatzen ziren egoerak aztertu ahal izateko, irakasle bakoitzari kamera bana banatu zitzaion. Ikertzaileek bideoaren atal jakin batean ipini zuten arreta, non irakasle bakoitzak bere taldearekin jarduera bat egin zuen eta ikasiriko estrategiak aplikatu zituen.

Emaitzak aztertu ostean, hiru ondorio nagusitzen dira ikerketari dagokionez. Alde batetik,  programan parte hartu duten irakasleak parte hartu ez dutenekin alderatuz, aipatutako formakuntza jaso dutenek emaitza hobeak erakutsi dituzte elkarrizketen kopuruaren eta kalitatearen aldetik. Bigarrenik, elkarrizketa naturalak, hau da, egunerokotasuneko ekintzekin lotzen diren elkarrizketak, eraginkorrak dira haurren hitz egiteko gaitasuna handitzeko. Azkenik, talde handian bideratutako ekintzak komunikazioa aberatsagoa izatea errazten du, lexiko berria ikasteko aukera ematen baitu.

Egilea: Iker Goya

Iker Goya Zapirain

Be the first to comment on "Nola aberastu Haur Hezkuntzako haurren hiztegia?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*