Literatura Solasaldi Dialogikoak Haur Hezkuntzan. Familien parte-hartzea (I. zatia)

Joan den azaroaren 14an, Iruñean, Ikas Komunitateen Nazioarteko VIII. Topaketan, gure ikastetxeko, Catarrojako (Valentzia) Jaume i El Conqueridor HLHI,  Haur Hezkuntzako solasaldi dialogikoen esperientzia azaldu genuen: nola egiten dugun gelan eta nola helarazi familiei horien garrantzia, etxean jarduera arrakastaz egiten lagunduko dieten estrategia praktikoen bidez.

Hasteko, familiekin Haur Hezkuntzan egiten dugun lanaren azalpen laburra egingo dugu artikulu honetan eta hurrengo artikuluan, gelan nola lantzen dugun azalduko dugu.

Literatura solasaldien aplikazio praktikoa berdina da Haur Hezkuntzan eta beste edozein etapatan, baina alderdi batzuk kontuan hartu behar ditugu jardueran ahalik eta arrakastarik handiena lortzeko. Horretarako, funtsezkoa da familien lankidetza, motibazioa eta parte-hartzea prozesuaren zati batean, eta hor jartzen dugu guk enfasia. Beharrezkoa da familiak prestatzea, zentzua sortzea irakurketa prestatzeko, eta ikasgelan egingo diren esku-hartzeak etxean, familian, sortutako kalitatezko interakzioetatik abiatzea.

Familiak gurekin izateko jarduera horretan, bereziki zaintzen dugu liburu klasikoen egokitzapenak aukeratzea. 3 urteko haurrentzat eta 5 urtekoentzat ez dugu egokitzapen bera aukeratuko. Landu ditugun izenburuetako batzuk honako hauek dira: “Don Quijote de la Mancha”, “Odisea”, “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” edo “Altxorraren uhartea”, besteak beste.

Oso garrantzitsutzat jotzen dugu ikasturte hasierako lehen bileretan familiei solasaldiei buruzko prestakuntza ematea; horregatik, solasaldi bat zertan datzan azaltzen dugu, zein diren haren prestaketan jarraitzeko urratsak, eta etxeko irakurketa dialogikoa azpimarratzen dugu. Aldizkakotasunaz hitz egiten dugu, irakurri beharreko orriez, aukeratutako paragrafoa markatzeko moduaz, solasaldiak sortzen dituen ikaskuntzak errepasatzen ditugu, etxean irakurtzeko teknika batzuk, irakurketa egiteko baliabideak; adibidez: hautatutako paragrafoa gogoratzeko marrazkiak, historia geografikoki lokalizatzea, hiztegian bilatzea eta bizipen pertsonalekin lotzea. Eta, gainera, sor ditzakeen zalantzak argitzen saiatzen gara.

Tertulien tailerrak ere antolatzen ditugu, familien artean euren seme-alabekin irakurketa hobeto egin ahal izateko ekarpenak eta aholkuak emateko. Guk animatzen ditugu solasaldira ekarri nahi duten informazioa beraien seme-alaben liburuetan idaztera edo aparteko beste material batean oinarritzera.

Liburu bakoitzaren gainazaletan bi informazio gehitzen ditugu: bata liburuaren irakurketaren antolaketa da, non kapitulua eta tertulia bakoitza noiz egingo dugun jartzen dugun; bestea, aldiz, kapituluaren irakurketa egiteko moduari buruzko orientabide batzuk dituen azalpena da. Batzuetan, senideak boluntario gisa etortzen dira gelara, solasaldira, eta, horrela, askoz hobeto ulertzen dute zer behar den etxean lan egiteko eta nola.

Solasaldian errendimendu txikia detektatzen dugunean, adostutako zatia etxean irakurri ez dutelako izaten da. Lehenik eta behin, familiarekin hitz egiten dugu egoera horretara eraman duten arrazoiez, eta zenbait neurri eskaintzen dizkiegu, kasuaren arabera, ziurtatzeko ikasleak istorioa irakur dezala eta ikasgelan egiten dituen esku-hartzeak presta ditzala. Etxean lan egiten ez duten ikasleek arreta, motibazio eta disrupzio handiagoa erakutsi ohi dute ikasgelako solasaldian. Familiekin egindako lan horretatik abiatuta, haien aldetik inplikazio handiagoa ikusi ohi dugu, eta solasaldiak aberatsagoak izaten dira.

Egilea: Carolina Ramos eta Vicent Garcera

Carolina Ramos
Vicent Garcera

Be the first to comment on "Literatura Solasaldi Dialogikoak Haur Hezkuntzan. Familien parte-hartzea (I. zatia)"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*