Esan gabe doa hezkuntzan diharduten profesionalak noizbait Montessori metodologiari buruz mintzatu direla edota hori euren gelako metodologian inplementatu dutela. Baina nor da Maria Montessori? Zertan datza zehatz-mehatz Montessori Hezkuntza? 

Maria Montessori (1870-1952) medikuntzan doktoretza lortu zuen lehen emakumeetako bat izan zen. Psikiatrian eta pediatrian espezializatu zen, eta 1900. urtean bere metodo pedagogikoa garatzen hasi zen, ezintasunen bat zuten haurrentzako eskola bateko zuzendari gisa, Erroman. Haren metodo pedagogikoak sekulako emaitzak lortu zituen, ohiko ikastetxeetako ikasleen emaitzekin alderatu daitezkeenak. Horrek Italiako Hezkuntza Sistemaren arreta piztu zuen. 

Montessorirentzat hezkuntzaren xede garrantzitsuenetako bat honako hau zen: ikasleen garapen intelektual, fisiko, emozional eta soziala ahalik eta gehien garatzea eta garapen hori lehenengo urteetatik garatzea. Horretarako, irakasle-ikasle eta ingurunearen arteko giroa zaintzen eta estimulatzen zuen, baita haurren esplorazio aktiboa sustatu ere. Helburu hori lortzeko, zenbait material manipulagarri diseinatu zituen, ikaskuntza sentsoriala bultzatzeko. Batez ere, matematika, irakurketa-idazketa, zientziak, geografia eta historia ikasteko bideratuta zeuden material horiek. 

Montessori hezkuntza-eredua duela 100 urte baino gehiago sortu bazen ere, urriak dira metodo horren inguruan egin diren ikerketak. Ikerketak orain arte ez du gehiegi argitu Montessori eredua benetan eraginkorra den ala ez haurren ikaskuntza eta garapenerako, edo, eraginkorra denean, zergatik den eraginkorra. Hori horrela izanik, Marshall-ek (2017) “Montesori education: a review of the evidence base” artikuluan Montessori hezkuntzaren zenbait funtsezko elementu identifikatzen eta berraztertzen ditu, eta egungo ebidentzia zientifikoekin alderatu. Modu horretan, irakasleei metodo horren oinarriak hobeto ulertzen laguntzea eta etorkizunean horren inguruko ikerketak sustatzea da helburua. 

Hauek izan dira azterketan lortu diren emaitza aipagarrienak:

  • Orain arte aztertutako azterlan bakar batek ere ez ditu isolatu Montessori metodoaren edozein efektu azaldu dezaketen elementu espezifikoak. 

  • Ikasgeletan Montessori eredua trebetasun instrumental batzuetara mugatu beharko litzateke, ikasgeletan arrakasta akademikoa zenbat luzatzen den jakiteko eta zer gertatzen den zehazki jakiteko, eta hori gela konbentzionalekin konparatu. 

  • Hitzezko eta hitzik gabeko sormenaren garapenari dagokionez, gaur egungo ebidentzia zientifikoak sendoak dira Montessori ereduaren bi elementu babesteko: 

1) Alfabetatze goiztiarra irakurketaren irakaskuntza sistematikoaren bidez, fonetikak eskaintzen duen logikaren bitartez. 

2) Gaitasun matematikoaren konpetentziaren irakaskuntza ere ebidentzia zientifikoetan oinarritzen da: Montessori materialek, helburu akademiko egokiarekin erabiltzen direnean, baliagarriak izaten jarrai dezakete haur txikienei kontzeptu numerikoak, geometrikoak eta eragiketa matematikoak ikasteko oinarri sentsoriala emateko orduan. 

Amaitzeko, nabarmentzeko modukoa da garrantzitsua dela irakasleen prestakuntza zientifikoa sendotzea, modetatik haratago, ikasgelan ezartzen diren hezkuntza-praktika edo -jarduera bakoitzaren funtsean dagoen ebidentzia-oinarria kritikoki identifikatzeko gaitasuna izan dezaten.

Egilea: Ane Olmedillo