Babestutako egoitzetan bizi diren haur eta nerabeak talde ahul eta kaltebera gisa identifikatu dituzte zenbait ikerketak. Esate baterako, hezkuntza-arloan ikasle askok ez dituzte oinarrizko ikasketak amaitzen, gizarteratze txikia dute, eta osasun-arazoak (arreta-gabezia, batez ere), langabezia eta pobrezia pairatzen dituzte, besteak beste.

Gainera, UNICEFek baieztatu du instituzionalizatutako haur eta nerabeen populazioaren hazkundea garapen-bidean dauden herrialdeetan ez ezik, mundu osoan ere gertatzen ari dela. Hori horrela, mundu-mailan 8 milioi haur eta nerabe bizi dira eta hezten ari dira instituzioen babespean.

Aipatutakoa aintzat hartuta, Tarragona eta Logroñoko Unibertsitateetako ikertzaileek  (Gairal, Garcia, Novo eta Salvado, 2019) gai horren inguruan egindako ikerketaren nondik norakoak eta emaitzak argitaratu dituzte “Out of school learning scientific workshops: stimulating institutionalized Adolescents’ educational aspirations” izenburua duen artikuluan. Ikerketan, honako hau aztertu nahi izan dute: egoitza-zentroetan bizi den nerabe-talde batean ikaskuntza-denbora luzatzearen estrategiaren inplementazioak nola lagundu dezakeen ikasle horien bokazio zientifikoak eta diziplina horiei buruzko ezagutzak eta itxaropen akademikoak handitzen.

Babestutako egoitzetan bizi diren 12 eta 17 urte bitarteko 12 nerabek parte hartu zuten. Ikasleek eskola-orduez kanpo hainbat gai jorratzen zituzten zientzia-tailerretan parte hartu zuten: elikagaien kimika, materiaren ezaugarri fisikoak, eta gizakiaren paleolitikoko eboluzioa landu zituzten, esaterako. Halaber, giza paleoekologiako ikerkuntza-zentro batera egin zuten bisita.

Ikerketatik ondorio hauek atera zituzten:

  • Eskola-orduez kanpo ikasteko denbora luzatzeak itxaropen akademikoak areagotzen ditu.
  • Kalitatezko tailerretan parte hartzeak egoitza-zentroetan bizi diren ikasleen ongizatea sustatzen du eta taldearen kalteberatasuna murrizten du.
  • Zientzialari gisa lan egiten duten zientzialariekin lan egiteak eragin positiboa du ikuspegi akademiko eta profesionaletan. Izan ere, parte-hartze horren ondorioz, parte-hartzaileek tailer horietan egon aurretik baino askoz ere urrunago iritsi nahi dute, maila akademikoan zein pertsonalean.

Beraz, ikerketa horren bitartez egoitza-zentroetan bizi eta hezten diren haur eta nerabeek aukera izan dute euren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan kontzienteago izateko, eta batez ere, zientziara hurbiltzeko. Beraz, eskain diezaiegun haur eta nerabe horiei zientzia ardatz hartuta ikasteko eta amesteko aukera.

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi