Kalé dor Kayikó ijito elkartearen sorreraren 30. urteurrenaren ospakizunaren azken ekitaldiak Deustuko Unibertsitateko Paraninfoa askotariko ahotsez bete zituen, eta politikariek, erakundeetako ordezkariek, hainbat alorretako profesionalek, hezitzaileek, irakasleek zein ijitoek, horiek guztiek, aniztasunaren, kulturartekotasunaren, bizikidetzaren, errespetuaren eta hezkuntzaren balioa nabarmendu zuten.

Oscar Vizarraga ijito-erakundeko presidenteordeak elkartearen historiaren narrazioa baliatu zuen bere aita “Osaba Manuel”-i, Kale Dor Kayikoren sortzaile eta arimari, omenaldi txiki bat egiteko, baita entzuleekin erakundean bizi izandako une esanguratsuenak, hartutako erabaki garrantzitsuenak eta oraindik ere aurrean dituzten erronkak partekatzeko ere.

Manuel Vizarragak KDK sortu zuen 1989an, argi zuelako ijito-familiekin lan egin behar zuten profesionalak prestatzeko ijitoak prestatu behar zirela; argi zuen ijitoek borrokatu behar zutela gizarte nagusiaren beren kulturarekiko errespetua eta aintzatespena lortzeko, eta Ijito Herriaren hezkuntza akademikoa sustatzeko lan egin behar zutela. Argi zuen hezkuntzan zetzala bere herriaren etorkizuna, eta gaur egun, oraindik ere, nahiz eta egindako aurrerapenak handiak izan, uste du unibertsitateak ijitoz betetzea, bere amets handia, urrun dagoela eta lanean jarraitu behar dela.

Gaur egun, erakundean hainbat esparrutan lan egiten dute: hezkuntzan, gizarte- eta familia-arloan, lan-arloan, arlo soziosanitarioan, komunitatean eta soziokulturalean. Horiek izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Kontseilutik eratorritako planak eta estrategiak kontuan hartu dituztenak, ijitoen familiei eta haien beharrei estaldura integrala emateko.

Hezkuntzaren arloan, ikastetxeetan irakasleekin aritzen dira lankidetzan ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko, Hezkuntza Sailaren programen bidez; irakasleei prestakuntza ematen diete Ikas komunitateak proiektuaren oinarri teoriko-praktikoak erabiliz; apirilaren 8a ospatzeko ekitaldiak antolatzen dituzte ikasleekin; udalekin lankidetzan aritzen dira, ikasleen asistentzia erregularra bultzatzeko; urtero ikasketak gainditu dituzten ikasleak saritzen dituzte, eta abar. 

Halaber, garrantzitsua da azpimarratzea emakume ijitoen mugimenduari, euskararen sustapenari, haien historia eta kultura gizarteko hainbat sektorerekin partekatzeko ahaleginari eta abarri ematen dieten laguntza aktiboa. Horrez gain, ahalegin handiak egiten dituzte ijitoek Era Berean, EAPN eta Bizi Poza bezalako sareetan parte har dezaten sustatzeko. 

Osaba Manuelek berak eman zion bere izena duen erakundearen lehen saria  Juan de Dios Ramirez Herediari, hots, abokatua, kazetaria, Madrilgo eta Bruselako diputatu ohia eta, batez ere, bere herriaren eskubideen aldeko ijito militantea denari.

Ekitaldia Iñigo Urkullu lehendakariak itxi zuen, eta Kale Dor Kayiko elkarteak gizarte anitzago, pluralago eta berdintasunezkoago baten alde egindako lana eskertu zuen.

Egilea: Luisa Maria Puertas

Luisa Mari