Aurreko artikuluan azaldu genuen bezala, Mediterrani Institutu Eskola Ikas Komunitatea da 2011-12 ikasturtetik. Une horretan proiektuaren faseei ekin genien, eta horiek apurka-apurka ikastetxea eraldatu dute, familientzat erreferentzia positibo eta hezkuntza-arrakastaren erreferentzia bilakatu arte. Garai horretan, gure ikastetxeak norabide-aldaketa behar zuen, eta Carmen Garcia Yeste doktorearekin, Tarragonako Hezkuntza Fakultateko Pedagogia Saileko irakaslearekin, jarri ginen harremanetan. Garciak ikastetxearen eta inguruaren eraldaketa soziala eta kulturala proposatzen duen proiektua aurkeztu zigun, pertsonak guztiek informazioaren gizarterako sarbidea izateko helburuarekin. Une horretatik aurrera, eta Carmen Garciaren etengabeko aholkularitzapean, gure ikastetxea Ikas Komunitate bilakatzeko prozesuari ekin genion: 

2011-12 ikasturtean, lehen fasea egin genuen: sentsibilizazioa. Irakasleek berariazko prestakuntza jaso zuten eta batzarrak egin genituen familiekin. Ikasturte horretan bertan, erabakiak hartzeko fasea egin genuen. Fase horretan, hezkuntza-komunitate osoak erabakitzen du ea eraldaketa-prozesua bete nahi den. Paraleloki, Talde Interaktiboak abiarazten hasi zen eskola.

2012-13 ikasturtean, eraldaketa-prozesuaren fase berezienetako bat bete genuen: ametsaren fasea. Fase horretan, hezkuntza-komunitate osoak ametsak eta nahiak pentsatzen ditu, izan nahiko lukeen ikastetxeari buruzkoak. Gurasoak hasi ziren batzar batean, eta gero irakasleek eta ikasleok egin genuen. Ikastalde bakoitzak, irakasleen laguntzaz, bere ikastetxe ideala deskribatu eta/edo marraztu zuen; irakasleek, aldiz, idatziz adierazi zituzten ametsak. Azkenik, amets horiek guztiak bildu ziren, eta, plastikako aholkulariaren laguntzaz, ikastetxeko atarian jarri ziren ikusgai, eta itsasoa eta arrain guztiak simulatu ziren (arraintxo bakoitzak bere ametsa zuen).

2012-13 ikasturtean, lehentasunak hautatzeko fasea osatu zen; horretarako, amets esanguratsuenak eta lehentasun handienekoak (curriculum- nahiz antolaketa-arlokoak) hautatzeaz arduratutako batzordea sortu zen.  Hurrengo ikasturtean, proiektua finkatzeko amaierako fasea osatu zen. Garrantzi handia eman zitzaion maila guztietan hasita zeuden hezkuntza-jarduketa arrakastatsuak (HJA) finkatzeari (talde interaktiboak, literatura-solasaldi dialogikoak, tutoretzapeko liburutegia), baita senideen prestakuntza hasteari (alfabetatzea eta ziurtagiri instrumentala), gatazken eredu dialogikoa lantzeari eta lan-batzorde mistoei jarraipena emateari ere (absentismoa eta ikaskuntza). 

Hurrengo ikasturteetan, proiektua apurka-apurka finkatu eta indartu zen, eta kezka eta ilusio berriak sortu ziren. Eztabaidatu ondoren, ametsaren fasea berriro egitea erabaki zen, hezkuntza-komunitate osoaren ideia guztiak biltzeko. Komunitatean aurreko ametsean egon ez ziren familiak, ikasleak, irakasleak, boluntarioak, erakundeak eta abar egon ziren. Amets desiratuena, eta duela zenbait ikasturte dagoeneko korridoreetan entzuten zena, ikastetxe berean Bigarren Hezkuntza egiteko aukera izatea zen; eta fase horretako protagonista nagusia izan zen, zalantzarik gabe. 

2016-17 ikasturtean ametsaren fasea egin genuen berriro; hala, familiak, irakasleak, ikasleak, boluntarioak eta auzoko erakundeak lanean hasi ginen, eta ikastetxerako genituen ametsak pentsatu genituen. Hori guztia inurritegi eta inurri txiki gisa irudikatu genuen modu artistikoan (inurri bakoitzak bere ametsa zuen), eta ikastetxeko atarian jarri genuen. Prozesua bukatzeko, Ametsaren Jaia egin genuen, eta familiek, ikasleek, irakasleek, URV Fakultateko Pedagogia Sailak, IMETek, Ingurune Planak eta Irakaskuntza / Ikuskaritza Sailak parte hartu genuen.

Ikasleen ametsak askotarikoak eta oso errealistak izan ziren: Bigarren Hezkuntza hemen egitea, ikasgeletarako material gehiago, laborategiko material gehiago, Lehen Hezkuntzako jolastokirako berrikuntzak, ortu ekologikoa, ordenagailu gehiago, tabletak edo arbel digitalak. Familiak Familien Batzarrean bildu ziren, eta batera idatzi zuten zer nahi zuten: hobekuntzak ikastetxearen mantentzean, institutu eskola izateko nahia (familiek konfiantza dute eskolan, eta nahi dute seme-alabek Bigarren Hezkuntza ikastetxean egitea), ordenagailu / arbel digital gehiago, berrikuntzak patioan eta ingelesaren ikaskuntzarekin lotutako eskolaz kanpoko jarduerak.

2017-18 ikasturtean, eskola Institutu Eskola bilakatu genuen, eta mailak progresiboki handituko dira DBH osatu arte. Bitartean, batera lan egiten segitzen dugu, hezkuntza-proiektuari jarraipena emateko eta Bigarren Hezkuntzan ere Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak betetzeko. Gainerako ametsak ez dira ahaztu, eta, horiek lortzen saiatzeko, Batzorde Mistoek (familiek, ikasleek eta irakasleek) beren lanei eusten diete.

Ametsaren fasea osatu ondoren, gure komunitate-sentimendua handitu egin zen, eta gure inurritegiaren ametsak betetzeko energia handiagoa genuela sentitu genuen; batez ere, ikastetxea eta ingurua sozialki eta kulturalki eraldatzeko proiektuaren makroamets hori gero eta errealagoa izateko gogoa dugu.

Egilea: Cristina Lara

Cristina