Aspalditik dirauten genero-aurreiritziek eta -estereotipoek urrun mantentzen dituzte neskatilak eta emakumeak zientziarekin lotutako alorretatik.
UNESCOk emandako datuen arabera, munduan emakumezko ikasleen matrikula bereziki baxua da: informazioaren eta komunikazioaren teknologian (IKT), ehuneko hiru; natur zientzietan, matematikan eta estatistiketan, ehuneko bost; eta ingeniaritzan, manufakturan eta eraikuntzan, ehuneko zortzi. Datu horiek guztiak oso urrun daude 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuetatik. Baina genero-berdintasunaren helburuetatik urrunago daude oraindik, eta arlo zientifiko horietan emakumerik ez egoteak ondorio larriak izan ditzakeela uste da gaur egun.
Hori dela eta, 2015eko abenduaren 15ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 Zientzia arloko Emakumeen eta Haurren Nazioarteko Egun izendatu zuen, eta, ordutik, gero eta ekimen gehiago garatzen ari dira munduan, emakumeek zientzian duten jarduera ikusarazteko, jarduera zientifiko eta teknikoei esleitutako rol maskulinoak hausteko eta neskatila eta emakume gazteen artean gradu zientifikoen aukerak sustatzeko. Izan ere, iraganeko eta gaurko emakume zientzialariak eta teknologoak ikusarazteak beren burua islatzeko ereduak eskaintzen dizkie neskei.
Horren eredu dugu Daniela Blanco, kimika-ingeniaria, New Yorkeko Unibertsitateko ikertzailea eta Sunthetics enpresako sortzaileetako bat. 2017an New Yorkera heldu zen, industria kimiko jasangarria eta guztiontzako etorkizun hobea lortzen laguntzeko gogoz, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzen laguntzeko asmoz, eta eremu hori lehentasunezkotzat hartuko duen etorkizunaren alde borrokatzeko. “Suntheticsek eta etorkizuneko enpresa kimikoek gizon eta emakumeentzat aukera eta lantoki seguruak eta berdintasunezkoak eskain ditzaten borrokatzen dut. Etorkizuneko ingeniariak beren industriaz harro sentitu daitezen eta garapen jasangarria baloratuago dagoen mundu batean bizi daitezen”.
Ikastetxe bakoitzean, neska bakoitzari bere ametsak lortzen laguntzeko aukera dugu, baita guztiontzako etorkizun iraunkorra lortzen laguntzekoa ere.
Egilea: Isabel Mendizabal