Gizaberea oso animalia berezia da. Beste espezieek ez bezalako ahalmena dauka kognitiboki oso konplexuak diren jarduera kolaboratiboetan parte hartzeko. Bizitzaren lehenengo 14 hilabeteetan nabarmen garatzen dira trebezia horiek. Helduagoekiko harremanean gertatzen da hori. Umeak jabetzen dira beren inguruko gizakiak izaki bizidunak direla eta asmoak eta helburuak dituztela. Umeek inguruko jendearekin emozioak, esperientziak eta jarduerak partekatu nahi izaten dituzte. Horrek guztiak ahalbidetzen die umeei kognitiboki konplexuak diren jarduera kolaboratiboetan parte hartzea. Interakzio kolaboratiboen bitartez garatzen dira trebezia horiek. Antropologia Ebolutiboa aztertzen duten Max Planck institutuko Michael Tomasello eta bere kideek sakon aztertu dute fenomeno hori.

Baina zenbat urterekin dira gai umeak, ez bakarrik helduekin, baizik eta adinkideekin ere jarduera kolaboratiboetan aritzeko? Pittsbugh-eko Unibertsitateko Celia A. Brownell eta bere kideek antropologia ebolutiboaren ikerketan oinarrituta erantzuten diote galderari. Jadanik 12 hilabeterekin, umeek tarteka hartu-eman sozial sinpleak izaten dituzte hurbileko adinkideekin (elkarri begiratzen diote eta elkarri hotsak egiten dizkiote ahoz). Jolas kolaboratiboa 20-24 hilabete dauzkatenean agertzen da, eta nabarmen areagotzen da 24-28 hilabete dauzkatenean. Dagoeneko 24 hilabete dauzkatenean, umeek beren buruaren kontzientzia handiagoa dute eta badakite adinkide baten jokabidea norberari zuzenduta egon daitekeela. Geroxeago, 30 hilabeterekin, adinkideen jarduera arretaz behatzen dute, eta batzuetan hitzez edo keinuz esku hartzen dute bestearen jardueran. Berehala, 36 hilabeterekin, gai dira aurrera begirako planak egiteko, rolak elkarren artean trukatzeko, eta jolas kolaboratibo bat adinkide bati irakasteko. Oraindik ez dute guztiz ulertzen adinkideen jokabideak beren jardueran duen eragina, eta, era berean, ez dute guztiz ulertzen norberaren jokabideak nola eragiten dien adinkideei, baina, hala ere, hiru urte betetzerako, umeak jolas kolaboratiboetan aritzen direnean eta adinkideekin komunikatzen direnean oso kontuan hartzen dituzte adinkideen ekintzak, desioak eta asmoak. Adin horretan, 36 hilabeterekin, gai dira gatazkatsuak diren desioak, asmoak eta helburuak negoziatzeko.

Ikerketa zientifikoek garbi erakusten dute umeek txikitatik gaitasuna dutela adinkideekin jarduera kolaboratiboetan aritzeko.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri