Frontiers argitaletxeak hainbat gairi buruzko zientzia-aldizkariak argitaratzen ditu sarbide irekian. Ikerketa zientifikoa zabaltzeko, haur eta gazteei zuzendutako argitalpena ere badu: Frontiers for Young Minds.
Frontiers for Young Minds-ekoek uste dute aurkikuntza zientifikoak gazteenentzat eskuragarri egoteko modurik onena dela gazteek eta zientzialariek elkarrekin lan egitea, aldi berean kalitate gorenekoak eta hunkigarriak izango diren artikuluak sortzeko, ikasgelaren barruan zein kanpoan jakin-mina piztuko dutenak. Horretarako, zientzialari ospetsuak gonbidatzen dituzte beren aurkikuntzei buruz idaztera, irakurle gazteentzat eskuragarria den lengoaian, eta, gero, haurrek berrikusle-lana egiten dute aholkulari zientifiko baten laguntzarekin, artikuluak hobetzen laguntzen diete egileei, argitaratu aurretik, artikuluak ahalik eta argienak eta interesgarrienak izan daitezen. Berrikusle horiek 8 eta 15 urte bitartean dituzte.
Ikasgelan aurki eta landu daitezkeen artikuluak gai edo arlo hauekin lotuta daude:
Astronomia eta zientzia espaziala. Atal honek eguzki sistemaren historiari, galaxiei, unibertsoari eta euren barnean dauden gorputzei buruzko artikuluak biltzen ditu, eta izarren barne-funtzionamendua, galaxien eraketa, planeten azalerak eta euren arteko espazio eta seinale guztiak aztertzen ditu.
Bioaniztasuna. Zientzialariek ekologiaren, bilakaeraren, kontserbazioaren, genetikaren eta gure baliabide naturalen kudeaketaren arloko bizi-aniztasuna aztertzen dute. Espezie berriak, esploratu gabeko ekosistemak, espezieak nola eta zergatik aldatzen diren, non eta noiz bizi diren, eta ekosistema batek bizirik irautea edo aurrera egitea ahalbidetzen duten prozesuak aztertzen dituzte. Atalak Lurreko aniztasun biologikoa deskribatzen, esploratzen eta azaltzen duten artikuluak biltzen ditu, baita izaki bizidunak nola egokitzen, aldatzen eta erabiltzen diren eta elkarri nola eragiten dieten ere, aniztasun biologiko hori sortzen lagundu duten prozesuak uler ditzan, etorkizunean planeta bioanitza babestu eta sostengatzeko.
Lurra eta bere baliabideak. Atal honetan Lurreko zientzien, ikerketa energetikoaren, itsas zientzien, zientzia klimatikoen eta ingurumen-zientzien arlo guztietako artikuluak daude, Lurraren sistemari dagokionez. Kontzeptu horiek beste hainbat diziplinarekin lotuta daudenez –kimikatik ingeniaritzaraino–, beste arlo batzuetako zientzialarien artikuluak ere izaten dira, gai horiek aztertzen laguntzen dutenak.
Osasuna. Atal honetan nutrizioari, egoera fisikoari, gaixotasunei, genetikari, gorputzeko sistemei, prebentzioari, lesioei, tratamendu eta medikuntzari, osasun mentalari, nerabezaroari (bullying-a, harremanak… bezalako gaiak barne) eta zahartu ahala gorputzean gertatzen diren beste aldaketa batzuei buruzko artikuluak daude.
Matematika. Atal honetan matematika puru eta aplikatuen arlo guztietako artikuluak sartzen dira, oinarrizko ideiak, aurrerapenak eta aplikazio sorta zabala. Matematikak mundu erreala deskribatzeko funtsezkoak izateaz gain, guztientzat eskuragarriak izan daitezke.
Neurozientzia. Atal honek garunari buruzko artikuluak jasotzen ditu: denborarekin nola aldatzen den, nola garatzen den, garuna aztertzeko erabiltzen ditugun teknikak eta garunaren alderdiak portaerarekin eta errendimenduarekin nola lotzen diren.