Zeuk esan, Euskadiko haur eta nerabeentzako laguntza zerbitzuari elkarrizketa

Zeuk esan Euskadiko haur eta nerabeei zuzendutako laguntza-gunea da. Telefonoaren (116 111) edo web-orrialdearen bidez, modu anonimoan, gazteek dituzten zalantza edo arazoak galde diezazkiekete Zeuk Esan-eko haurren eta nerabeen esparruan espezializatutako psikologo eta gizarte-hezitzaileek. 

  • Nola deskribatuko zenuke Zeuk Esan zerbitzua?

Zeuk Esan 2010. urtean hasi zen martxan, adingabeentzako aholkularitza-zerbitzu telefoniko gisa. Zerbitzua bera publikoa da, eta, urteetan zehar aldatzen joan den arren, bere jatorrizko ezaugarriak mantentzen ditu. Horren harira, doakoa eta erabat anonimoa den zerbitzua dugu Zeuk Esan.

Esku hartzeko ordutegiari dagokionez, goizeko 9etatik gaueko 21ak arte dago irekita, aste barruan, eta 12etatik 20etara larunbat eta jaiegunetan. Zerbitzua urte osoan dago zabalik, eta psikologoak eta hezitzaile elebidunak dira kudeaketa egiten duten profesionalak.

Adingabeen egunerokotasunari lotuta dauden era askotako kontsultei ematen zaie arreta. Kontuan hartu behar da deitzen duten gazteak, batez ere, nerabeak direla eta garai horretan buruhauste dezente izaten dituztela haien gorputz, bizipen eta sexuarekin. 

Horiek horrela, haien kontu pertsonalak izan ohi ditugu mintzagai, eta baita harremanen esparruan sortzen zaizkien kezkak edota arazoak ere, batzuetan larriak eta beste batzuetan bareagoak direnak. Familia barruan gertatu ohi diren iskanbilak zein komunikazio-endredoak ere izaten dira deien ohiko arrazoiak. Badaude, bestalde, gertaera biolentoekin zerikusia daukaten aholku-eskaerak ere. Etxe barrukoak, batzuetan, baina baita kanpoan gertatzen direnak ere, berdinen arteko jazarpenari dagozkienak, batez ere.

Esan beharra dago, nahiz eta adingabeentzako zerbitzua den, nagusiek ere badutela deitzea. Egunero jasotzen ditugu guraso, senitarteko, profesional edo kaleko jendearen deiak; adingabeekin zerikusia daukaten deiak, alegia.

  • Zein izan da zerbitzuak izan duen inpaktua eta zer egon daiteke inpaktu horren oinarrian?

2019ko urte bukaerako txostenak dioenez, iaz ia 1000 kontsultari eman genion arreta guztira. Haietatik, % 60 adingabeek eginikoak, eta beste % 40a gurasoek edo gainerako nagusiek eginak.

Jakin badakigu gazte guztiek ez dutela gure zerbitzua ezagutzen, eta horregatik ohitura dugu urtean zehar nolabaiteko sustapen-egitasmo bat edo beste egiteko. Aurtengoa, berriz, berezia izan da, Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak Zeuk Esan Zerbitzuaren irudia berritu baitu, eta harekin batera, baita zerbitzua ezagutzera emateko material berriak atera eta banatu ere. Hainbat tokitan banatu dira, besteak beste, ikastetxeetan, anbulatorioetan, aisialdiko zentroetan, udaletxeetan, eta abar luze batean. EiTBrekin ere kolaborazio-hitzarmen berezia sinatu genuen Gabonak orduko. Horren harira, Zeuk Esan Goazen telesailaren aurtengo denboraldiko lehenengo kapituluan agertu zen.

Zeuk Esan zerbitzuak bere sorreratik egin du sare sozialak erakustoki gisa erabiltzearen aldeko apustua. Jakina da gazteak online esparruan daudela eta, haiengandik hurbil egoterik nahi badugu, sarean presentzia izatea ezinbestekoa dela. Horren harira, Facebooken, Twitterren, Instagramen eta YouTuben ditugu profilak, eta hortik aparte, Zeuk Esan Aldizkaria digitala ere badugu.

Be the first to comment on "Zeuk esan, Euskadiko haur eta nerabeentzako laguntza zerbitzuari elkarrizketa"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*