Haurren hiztegiak garapen handia izan ohi du Haur Hezkuntzako etapan. Haur batzuentzat, ordea, zailagoa da hiztegia eskuratzea. Hiztegian ezberdintasun horiek izateak epe luzera ondorioak izan ditzake haurrengan. Alfabetatzearen garapenean hizkuntzak duen paper garrantzitsua dela eta, berebiziko garrantzia du haur txikien hiztegiaren garapenean oso goiz esku hartzeak, hiztegiaren garapena atzeratu ez dadin. 

Hori horrela, Carleton Unibertsitateko (Hargrave, A.C eta Sénéchal, M.) ikertzaileek ikerketa-galdera honi erantzutea izan zuten xede: zer-nolako onurak izan ditzakete ipuinek Haur Hezkuntzako ikasleengan, horiek irakurketan modu dialogikoan parte hartzen dutenean?

Azterketa Ottawan, Kanadan, egin zen. Horretarako, ikertzaileek aztertu zuten ipuinak irakurtzeak Haur Hezkuntzan zeuden eta ahozko hizkuntzan hiztegi pobrea zuten 36 ikasleren hiztegian nola eragin zezakeen eta zein ondorio zituen.  

Hauek izan ziren ikerketan lortu ziren hainbat emaitza esanguratsu, besteak beste:

  • Hiztegi urria zuten ikasleek irakurketa partekatuaren bitartez hiztegi berria ikasi zuten. Esate baterako, irakurketa dialogikoaren bidez, irakurketan parte hartzen zuten heinean, ikasleek hiztegi zabalagoa lortu zuten ohiko irakurketaren bitartez baino.

  • Irakurketa dialogikoak bakarkako onurak ez ezik talde-onurak ere baditu. Hori zortzi ikaslez osaturiko taldeetan egiten zen, eta ikasle guztiek ipuin bera irakurtzen zuten birritan. 

  • Irakurketa dialogikoaren onurak denbora-tarte laburrean azaleratu ziren. 

  • Ikasleek, irakurketa dialogikoaren bidez, ipuinetako hiztegiaz baliatuz, askoz ere onura adierazgarriagoak lortu zituzten, ohiko irakurketarekin konparatuz. Hain zuzen ere, onura horiek hiztegi adierazkorreko proba estandarizatuan antzeman ziren. 

Hortaz, ikerketak agerian uzten du ipuinek zein irakurketa dialogikoak Haur Hezkuntzako ikasleengan duten eragin erabakigarria. Hain justu ere, hiztegi urria duten Haur Hezkuntzako ikasleek, ilustrazioak dituzten ipuinez baliatuz, euren hiztegia zabaldu nahiz aberastu dezakete, ipuinetako istorioetan murgilduz.  

Egilea: Ane Olmedillo