Berebiziko garrantzia du haurrek laguntasun-harremanez betetako bizitzak izateak, unerik garrantzitsuenetan lagunduko dieten pertsonekin. Poztasun-uneak nahiz aurre egiteko zailak direnak partekatzea, laguntza eta elkartasuna adieraz diezaieten, kutsa daitezen eta poztasuna parteka dezaten, askotan nabarmendu dute ikerketek. DFren aurreko argitalpen batzuetan gai horri buruz hausnartu da, eta argitalpenok azaltzen dute babes-faktorea dela jazarpenaren eta indarkeriaren aurrean edo hainbat testuingurutan eraldaketak bultzatzen dituzten ekintza solidarioak susta ditzakeela. Batzuetan, eskoletan, eta betiere ikasleentzat onena dela pentsatuz, «guztien laguna izan behar da» edo antzeko mezuak zabaltzen dira. Baina laguntasunari buruz hausnartzeko elkarrizketa-espaziorik ireki gabe eta indarkeriarekiko 0 tolerantzia dagoen espazio seguruak bermatu gabe, nahasmendua eta birbiktimizazioa baino ez dira eragiten; izan ere, beste batzuek ondo tratatzen ez dituzten haurrek azkenean tolerantzia garatzen dute, eta ondo tratatzen ez dutenek, aldiz, beren jarrerak arrakastatsuak direnez, ez dituzte aldatzen.
Lagun on bat (edo batzuk) izateak pertenentzia-sentimendua, nortasuna ematen digu. Halaber, leialtasunaren moduko balioen garrantzia erakusten digu, eta, hazten garen heinean, geure buruarekiko eta giza agentziarekiko konfiantza handitzen laguntzen du. Lagunak esperientzia-iturriak dira, eta lagunak izateak bizipen asko ekartzen ditu. Osasunaren eta ongizatearen garapenaren arloko ikerketak irmoak dira laguntasun-sentimendua lantzearen garrantziari dagokionez, eta adierazten dute haurrak harreman onenak eraiki ditzaketen espazio seguruetan moldatzen direla, etorkizuneko arazoak eta gaixotasunak prebenitze aldera, eta harreman toxikoek garapen fisikoa eta mentala honda dezaketela.
Gainerakoekiko adeitasunaz eta errespetuaz haratago, laguntasuna sentimendu sakona da, eta horretan oinarrituz eraikitzen ditugu harremanak pertsonekin. Pertsona horien aukeraketa ez litzateke zoriaren mende egon beharko, iragazkirik gabe; aitzitik, erabakigarria da haurrei irizpideak ematea horiek beti onenak izan daitezen. Garrantzitsua da haiek jakitea eta argi izatea laguntasunak, bereziki eta beste ezeren gainetik, indarkeria baztertzen duela eta errespetuan, tolerantzian eta askatasunean oinarritzen dela, eta lagunak hitz egiteko eta partekatzeko direla, baita ilusioak lortzeko eta ziurgabetasunei aurre egiteko elkarri indarra emateko ere. Laguntasunak aukera ematen digu, esanahien eztabaidan oinarrituta, gure mugak gainditzeko beharrezko konfiantza eta segurtasuna garatzeko. Proiektu pertsonal nahiz kolektiboetan aurrera egiteko aukera ere ematen digu, eta horrek zentzua ematen die gure bizitzei.
Horretarako, laguntasuna gure eguneroko jarduerari atxikita dagoela sentitu behar dugu, baina elkarrizketa-espazio horiek ere ireki behar dira laguntasuna zer den edo zer ez den eztabaidatzeko, gizatasunaren balio eta printzipio onenen arabera, eta haurrek hori ezagueraz egin behar dute.
Izaera kritikoa izateak askeagoak izaten laguntzen du, baita, benetako argudio sendoetan oinarrituz, lagunak nortzuk eta zergatik izango diren aukeratzen ere. Hala, lagun zintzoak, sakonak izango dituzte, bidelagun leialak izango direnak eta pertsona hobeak izaten lagunduko dietenak.
Egilea: Susana Gómez