Espainiako estatuan ikasleen % 11k ikasturtea errepikatzen du. Kopuru hori handiena da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) estatuen artean. Kopuru horrek boskoiztu egiten du ELGAko estatuen batezbestekoa. DBH2ko lau ikasletik bat ikasturtea errepikatzen ari da edo aurretik errepikatu du. Europar Batasunak ezarri zuen % 10eko helburutik urrun dago kopuru hori.

Aipatzekoa da ikasturtea errepikatzen duten ikasleen proportzioa handiagoa dela desabantaila sozioekonomikoak dituzten familietatik datozen ikasleen artean, eta horrek zuzen-zuzenean eragiten du etorkizuneko hezkuntza-lorpenetan. Izan ere, ikasturtea errepikatzeak eskola-gaitzustea sortzen du, eta derrigorrezko hezkuntzaren osteko ikasketekin jarraitzeko itxaropenak murrizten ditu. Modu horretan, eskola goiz uzteko arriskua areagotzen da.

La Laguna Unibertsitateko Leopoldo Cabrera (2019) irakasle eta ikertzaileak zenbait hezkuntza-politika inklusibo zehazten ditu ikasturtea errepikatzen duten ikasleen ehunekoak murrizte aldera.

Politika horien artean nabarmentzeko modukoa da zenbateraino den garrantzitsua txiki-txikitatik irakurtzeko aukerak eraginkortasunez eskaintzea. Cabreraren ikerketa ondorio hauetara iritsi da:

  • Irakurtzeko ohiturek harremana dute ikasturtearen errepikapenarekin: ehunekoak txikitu egiten dira irakurtzen duten ikasleen artean; batez ere, neskak, egoera sozial mesedegarrietan dauden familiak eta itunpeko ikastetxeetan eskolatutako ikasleak. Haatik, ehuneko horiek gora egiten dute irakurtzen ez duten ikasleen artean. Mutilak neskak baino gehiago, gizarte-jatorri ahuleko familiak eta ikastetxe publikoetan eskolatuak daudenak.

  • Aitzitik, ikerketak zera ematen du aditzera: irakurketak ondorio aberasgarriak eragiten ditu ikasle guztiengan, euren familiaren egoera sozioekonomikoa eta estatus soziala edozein delarik ere. Hain zuzen ere, irakurketa ikasturtea errepikatzeko inhibitzaile gisa azaltzen da.

Hortaz, esan beharrik ez dago arazoa larria bezain kezkagarria dela. Hori dela eta, ezinbestekoa da ebidentzia zientifikoetan oinarritutako hezkuntza-politika inklusiboak abian jartzea, ikasturtea errepikatzen duten ikasleen ehunekoak txikitu daitezen eta ikasleei ikasteko aukera esanguratsuak eskaini ahal izateko. Dudarik gabe, prozesu horretan ikasleek irakurketa bidelagun izanen dute.

Egilea: Ane Olmedillo