Francisco Ferrer i Guardia 1859an Alellan (Bartzelona) jaiotako pedagogo eta aktibista politikoa izan zen. Haren familia nekazaria zen, baina dirudun, erlijioso eta kontserbadorea. Oso gaztea zela, etxea utzi zuen eta zenbait lan izan zituen, eta trenetan lan egiten amaitu zuen, Bartzelona-Port Bou ibilbidean. Bartzelonan zeuden mugimenduek zein ideia liberalek errepublikanismora bideratu zuten. Harrezkero mugimendu iraultzailearen alde azaldu zen. Gainera, mezu antiklerikalak zabaldu zituen, eta, hori dela eta, oso ospetsu bihurtu zen.
Errepublikaren aldeko matxinada baten porrotagatik, 1886an Parisera ihes egin behar izan zuen. Bertan irakasle aritu zen, eta pentsalari eta aktibista anarkistekin jarri zen harremanetan. 15 urte igaro ondoren, Bartzelonara bueltatu zen, eta 1901ean Eskola Modernoa fundatu zuen. Horren eskutik arrazionalismo pedagogikoa iritsi zen Espainiara, Giner de los Ríos-en Institución Libre de Enseñanza-ren garai berean. Francisco Ferrer i Guardiaren proiektua pentsamendu anarkistaren eta ikuspegi pedagogiko askatzailearen arteko erlazio estuaren adibide argia da.
Eskola Modernoan ez zen ideia erlijiosorik irakasten, baizik eta ideia zientifikoak zein humanistak. Ez zen lehiakortasuna sustatzen; aitzitik, pentsamendu askea eta umearen garapen pertsonala bultzatzen ziren. Ferrer i Guardiaren ustez, hezkuntza ezin zen dogmatikoa izan, eta zientziaren metodo positibistan eta eboluzionismoan oinarritu behar zen. Askatasunak eta solidaritateak garrantzi handia hartu zuten Eskola Modernoan, eta ume guztien berdintasuna bultzatzen zen.
Ferrer i Guardiak aldarrikatzen zituen printzipioen artean, neskak eta mutilak eta gizarte-klase desberdinetako haurrak batera eskolatzea zegoen. Halaber, azterketak, zigorrak eta sariak ere baztertzen zituen; aire zabalean jolastea eta ikastea, higiene pertsonal eta soziala proposatzen zituen. Harentzat eskola zen irakaskuntza integrala (fisikoa, intelektuala eta emozionala) lantzeko tokia. Hori guztia dela eta, Eskola Modernoaren aurkako iritziak azkar hedatu ziren instituzio kontserbadoreen, batez ere, eliza katolikoaren partetik, Eskola Modernoa bere metodoentzat eta botere ekonomikoarentzat mehatxua zela ikusten baitzuen.
Hainbat aldiz itxi zioten Eskola Modernoa, baina 1908an hamar eskola zituen Bartzelonan eta filial batzuk Espainiako beste hiri batzuetan. Dena den, indar politiko eta erlijioso atzerakoien presioengatik, 1909an behin betiko itxi zuten.
Azkenean, 1909an Marokoko Gerrarako Espainiako Gobernuak errekrutatze-prozesua jarri zuen martxan. Hori errefusatzeak istilu larriak sorrarazi zituen Bartzelonan (Aste Tragikoa). Agintariek Ferrer i Guardia mugimendu iraultzailearen errudun hartu zuten, garantia gabe epaitu eta, finean, fusilatu egin zuten.
Dena den, XX. mendearen hasieran hainbat eskola sortu ziren Eskola Modernoaren ideiekin jarraitzeko. Eskola Modernoak ateneo libertarioetan eta herriko unibertsitateetan ere izan zuen eragina.
Egilea: Andrea Sanchez