Sormena, garaiaren arabera, hainbat modutan ulertu izan da. Hala azaltzen du Eric Kandel Nobel saridunak The Disordered Mind (2018) liburuko seigarren kapituluan. Adibidez, XIX. mendean, buruko gaixotasunak sormenaren iturria zirela zioten. Gaur egun, badakigu sormenak oinarri biologikoa duela eta burmuinean sortzen dela. Baina… zer adierazi nahi dugu sormena esatean? Oro har, sormena konbentzio kulturaletatik kanpo dauden  sorkuntzen multzoa da, hau da, gizarteak jartzen dituen “arauetatik” ihes egiten duena.

Biologikoki, ikerketek diotenez, eskuineko hemisferioa ideiak sortzeaz arduratzen da, baita konbinazio berriak ikusteaz ere. Horregatik, sormenaren alderdi batzuekin du lotura. Ezkerreko hemisferioak eskuineko hemisferioa galarazten du, hortaz, ezkerrekoan kalteren bat badago, eskuinekoa estimulatu ohi da.

Baina ikuspegi biologikotik at, sormenaren inguruan hainbat ikuspegi daude. Alde batetik, batzuek uste dute esfortzuak sortzen duela sormena. Beste batzuen aburuz, nortasuna da sormenaren arduraduna. Nolanahi ere, sormena arazo bati irtenbidea emateko pentsamendu inkontzientearen erabilerarekin lotuta dago. Hala, askotariko emaitza orijinalak topatzen dira pentsatzeko modu hori erabiltzean. Modu horretan, ideia edo gauza konkretu bati buruz pentsatzen ari ez garenean, bat-bateko ideia bikaina etortzen zaigu burura. Esperientzia horren oinarrian pentsamendu inkontzientea dago.   

Ebidentziek diotenez, inkontzientearen isurketak eragiketa psikologiko primitiboa eragiten du, eta inpultsu eta nahi inkontzienteak sortarazten ditu. Pentsaera hori libreagoa da, eta ideia eta konbinazio berrien agerpena errazten du. 

Jaioberriek eta umeek badute pentsaera primitibo hori, oztopo sozialik ez dutelako. Izan ere, umeak hazten direnean bizi diren gizartera egokitzen ikasi behar dute. Ondorioz, umeak inkontzientearekin errazago komunika daitezke, eta sormen handiagoa dutela esaten da.

Freudek inkontzientearen alderdi horri “hura” (ello) deitzen dio, eta barneratzen diren mugei “nia” (yo). “Nia”-k “hura” inhibitzen du eta gizartean egokiarazten du, inpultsuak eta nahi inkontzienteak kontrolatuz. Zentzu horretan, psikologiaren arloan, teknika proiektiboak erabiltzen dira nortasuna aztertzeko, inkontzientea ebaluatuz.

Teknika proiektibo horiek sormenarekin lotuta daude, pertsonek zer eta nola marrazten duten erabakitzea muga sozialen menpe dago eta.

Bukatzeko, beharrezkoa da gizarteko arau sozialak barneratzea eta errespetatzea,  gizartean, elkarrekin bizi garelako. Hori dela eta, ohikoa da artistak edo pertsona sortzaileak gizartean ondo moldatzen ez direla entzutea. Esaterako, abeslari bikain batzuk oso bitxiak dira, margolari batzuek psikotikoak dirudite…

 

Hala ere, sormena unibertsala da. Beraz, denok izan gaitezke (eta gara) sortzaile eraren batean, erlaxatu eta desinhibitu baino ez dugu egin behar, eta gure inkontzientea libre utzi.

Egilea: Aitana Fernandez

WhatsApp Image 2020-01-15 at 18.24.52