Aurreko artikulu baten azaldu genuen nola hasi ginen eta zer egin dugun aurreko urteetan.
Aurten, adiskidetasuna landuko dugu, badakigulako babes-faktore bat dela. Neska-mutilek diote lagunak direla, baina elkar kritikatzen dutela, gezurrak zabaltzen dituztela edo neska-lagunak izatera hertsatzen dutela elkar. Lehen batzarrean, Diario Feministaren artikulu bat irakurri genuen, “Lagunak aukeratzen jakitearen garrantzia”, eta askotan esaten den honako esaldi honi buruz eztabaidatu genuen: guztion lagunak izan behar duzue. Onartzen zuten esaldi hori oso sarri esaten zela, eta baita horrekin ados ez zeudela ere; esan zuten pertsona batzuek gure aurrean ondo tratatzen gaituztela, baina atzetik kritikatu egiten gaituztela; ados zeuden jakitera eman behar direla egoera horiek, benetako lagunak ez direlako eta beste batzuei egin diezaieketelako; lagun faltsuak zirela esaten zuten, baina ondorioztatu genuen adiskidetasun eta faltsu hitzak ezin direla batera joan. Ondorioz, hemendik aurrera harreman faltsu deituko geniela.
Bide hori guztia ebidentzia zientifikoetan oinarritutako prestakuntzaren eskutik egin dugu. Patricia Melgar, Sandra Racionero eta Oriol Rios prestatzera etorri dira, eta argia eman digute ikasgeletan eta eskolan gero islatu ditugun teoriak erakutsiz. Gure aldetik, klaustroa ere solasaldi pedagogikoen bidez prestakuntza egiten dugu, eta ikasturte honetan “A Friend is a Treasure and May Help You To Face Bullying” artikulua eztabaidatu dugu. Lehen Hezkuntzako seigarren mailan, artikulu berari buruzko tertulia ere egin dute, eta etxera bidali dugu, familian irakurri eta hari buruz hitz egin dezaten.
Orain arteko hezkuntza- eta gizarte-inpaktua honela laburbil daiteke: lehen, eskolak ez zuen zentzurik ikasle batzuentzat, ez zirelako babestuta eta seguru sentitzen, eta haien ikasteko motibazioa oso urria zen; orain, familia eta ikasle batzuek kontatzen digute egun seguruago daudela, badakitela laguntza eska dezaketela eta ez daudela bakarrik; nola jokatu ere badakite, eta horrek konfiantza ematen die; harremanak hobetu egin dira, tratu ona baloratu egiten da eta estatus soziala ematen du.
Eskolako kultura aldatu egin da, indarkeria azkar identifikatzen da, ez da toleratzen eta salatzen da. Etxeetara, parkera eta herriko elkarteetara iristen da. Desgaitasuna duen haur baten amak kontatu zigunez, semeak ausarta izatea zer den azaltzen die bere elkarteko beste haur batzuei, eta eragina izan du orain hango harremanak bideratzeko moduan. Beste ama batek kontatu zuenez, bere alaba joan den ikasturtean iritsi zen eskolara, bullying egoera batetik ihesi, autoestimu oso txikiarekin eta pertsona guztienganako mesfidantzarekin. Orain bere bizitza aldatu dela dio, lagunak egin dituela, eta konturatu dela jendearengan konfiantza izan dezakeela. Neskatoak oso hunkituta kontatu zion amari beste ikastetxeko erasotzaileen aurretik pasatzeko gai izan zela, burua altu eta beldurrik gabe. Beste ama batek kontatu zuen bere alabak, duela pare bat urte heldu zena eskolara, asko hobetu duela ikasketetan, oso motibatuta dagoela eta eskolan seguru sentitzen dela.
Gure horizontean indarkeriarik gabeko eskola izatea jarri genuen, eta pausoak ematen jarraitzen dugu gehiago hurbiltzeko. Ez dugu atzerapauso bat bera ere emango, komunitatearen ametsa aurki dezakezun edozein hesi baino askoz indartsuagoa baita.
Egilea: Sara Carbonell