Oroitzapen, ikasketa eta gertakari garrantzitsu guztiak biltegi konplexu batean pilatzen ditu gizakiak: oroimenean. Hura da gure munduari zentzua ematen dion mekanismoa, ikasten dugun guztia denboran zehar gordetzea ahalbidetzen duena. Beraz, gaur egun garen pertsona, hein handi batean, ikasten eta gogoratzen dugunaren araberakoa dela esan dezakegu.

Eric Kandel Nobel saridunak bere azken liburua argitaratu du 2018an: The Disordered Mind. Bertan, oroimena funtzio mental konplexua dela azpimarratzen du, oroimena inguratzen duten misterioak ugariak direla ulertarazteko. Kandelek, liburuaren bosgarren kapituluan, iraupen laburreko oroimena eta iraupen luzeko oroimena ditugula azaltzen digu. Iraupen laburreko oroimena jada sortuak dauden lotura sinaptikoen indarketaren ondorioa da. Iraupen luzeko oroimenak, berriz, sinapsi berrien sorkuntza dakar eta aldaketa anatomikoak eragiten ditu burmuinean. 

Halaber, oroimen inplizitua eta esplizitua ditugu. Lehenengoak, automatikoki egiten ditugun mugimenduetarako erabiltzen dugu. Oroimen esplizitua, berriz, ekintza eta gertaeren bilketa kontzienteaz arduratzen da. Bai oroimen inplizitua, bai esplizitua iraupen laburrean eta iraupen luzean gorde daitezke. Bada, Alzheimerra pairatzen duten pertsonak oroimen esplizitu hori galtzen hasten dira, gertakariak eta ekintzak denboran gordetzeko gaitasuna galtzen baitute. 

Alois Alzheimer psikiatra alemaniarrak 1906an deskribatu zituen gaitzaren ezaugarri nagusiak, egun mantendu egiten direnak dementzia mota hori deskribatzeko. Lehenengo ezaugarria burmuinaren tamainaren txikitasuna eta atrofia da. Bigarren ezaugarria egun “plaka amiloide” deritzogun substantzia lodi baten presentzia da, burmuineko alde zehatz batean. Hirugarren ezaugarria da neuronen barruan proteina gehiegi daudela. Bere garaian autopsia baten bidez soilik ikus zitezkeen ezaugarri horiek, eta gaur egun, berriz, neuroirudien bidez. Denbora, beraz, gure alde dago. 

Ezaugarri horiek identifikatu ondoren, proteina zehatz batzuen tolesketa akastuna dagoela ikusi dute zientzialariek. Proteina tolesketa akastun horren oinarrian gene batzuen mutazioa omen dago, eta, dagokion eran antolatuta ez dagoen genearen arabera, dementzia mota bat edo beste gara daiteke. 

Neurozientziak egin dituen aurrerapausoak ugariak badira ere, oroimenak sistema konplexua izaten jarraitzen du. Begi-bistaz ikusezinak diruditen gaixotasun mentalen mekanismoak ulertzera hurbiltzen ari gara, eta ondorioz, pertsona askoren bizi-kalitatea hobetzeko bidean gaude. Ezagutza horrek ere lagundu diezaguke hezkuntza planteamenduak ulertzen eta hobetzen, ikerketa batzuek erakusten digutenaren arabera. Hala ere, ez dezagun ahaztu etorkizunari begira gaitz mentalen mekanismoez jabetzeko asko geratzen dela, orain dela gutxi arte geldiezinak ziruditen gaixotasunen oinarriak ulertzera hurbildu baino ez gara egin eta. 

Egilea: Andrea K. / Kaiera

Andrea 2017